Gaur goizean Zilarrezko Haria deien esprint solidarioa egin dute Zelai Arizti kultur etxean, Zumarragako eta Urretxuko udalek eta Nagusilan elkarteak antolatuta. Bi herrietako bizilagunek (elkarteetako ordezkariak, norbanakoak, ikasleak…) nahi gabeko bakardadea pairatzen dutenei deitu diete. Adin guztietako urretxuar eta zumarragarrek parte hartu dute. 258 dei egin dituzte eta guztien artean 13 ordu eman dituzte hizketan.
Horra hor parte hartu dutenen zerrenda: Zumarragako udaleko zinegotziak (Arantxa Gonzalez, Belen Baztarrika eta Ainhoa Osinalde), Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileak, Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileak, Ostadar elkartea, Miriam Luqui, Katxalin elkartea, Bi-Tartean elkartea, Andoni Lubaki, Jon Plazaola, ZU Dantzaz, Maitane Ormazabal, Monica Leiva, Miren Arrieta, Aterpe Urretxuko jubilatuen elkartea, Irri Makila antzerki taldea, Gure Txoko Zumarragako jubilatuen elkartea, Nagusilan, Zintzo Mintzo, Goierri saskibaloi taldea, Goiargi abesbatza, helduentzako eskola, Joxe Mari Iparragirre institutua, Gainzuri ikastetxea, UGLE, Urretxu-Zumarraga ikastola eta odol emaileen elkartea.
Nagusilaneko kideak oso pozik agertu dira. “Ez da dei jardunaldi bat bakarrik izan, Nagusilanen eta komunitatearen arteko topaketa izan da. Oso egun berezia bizi izan dugu. Ikastetxeek, kirol elkarteek, kultu elkarteek, gizarte arloko elkarteek, merkatariek, norbanakoek… parte hartu dute. Bakarrik dagoenari konpainia egitea zer den ezagutu nahi izan dute. Nagusilaneko talde ezberdinak elkartzeko ere balio izan du, Legazpi, Irun, Hondarribia eta Zumaiako boluntarioek ere parte hartu baitute. Topagune bat izan da. Indarrak batzeko gune bat. Nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko gune bat. Belaunaldi ezberdinetako pertsonek esperientzia bat partekatu dute. Entzutearen garrantzia ezagutu dute. Komunitate osoa mobilizatu da bakarrik sentitzen direnei laguntzeko. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztiei”.

