Jose Mari Pascual mendizale zumarragarrari neguak tristura sortzen dio. Neguko egun ilun eta hotzetan bere burua etxetik ateratzera behartzeko, urte hasieran erronka jarri zion bere buruari: Antiora mila aldiz igotzea. Urrian beteko du helburua.
Jose Mari Pascual urrian beteko Antiora mila aldiz igotzeko erronka. Antioko baseliza Zumarragako altxor preziatuena da. Oso toki berezia da zumarragarrentzat. Herritar gehienek urtean zenbait aldiz bisitatzen dute, askok astero, beste askok egunero joateko ohitura dute… Jose Mari Pascual mendizalea ia mila aldiz joan da aurten.
Pascual beti izan da mendizalea. «Beti izan dut gustuko kirola egitea. Batez ere, mendira joatea. Baina korrika egitea ere gustatzen zait. Hori dela eta, mendiko lasterketetan parte hartu izan dut. Dena den, gehien gustatzen zaidana martxak egitea da. Beitia mendi martxaren ia ekitaldi guztietan parte hartu dut».
Ibiltzeak mesede egiten dio. «Neguan gaizki pasatzen dut, hotzarekin eta iluntasunarekin sufritu egiten baitut. Beroa eta argia behar ditut. Hori dela eta, neguan etxetik ateratzeko, erronka hau jarri nion nire buruari. Izan ere, urte bakar batean Antiora 1.000 aldiz igo ahal izateko, ia egunero etorri beharra dago. Egia esan, neguan, etxera itzulitakoan, abiatu aurretik baino askoz ere hobeto sentitzen nintzen».
Bere helburua 2026an Antiora mila aldiz igotzea zen, baina hamar hilabete baino gutxiagotan lortuko du. «Oraindik gogotsu nagoenez, urte amaiera arte jarraituko dut. Ea zenbat aldiz igotzen naizen. Dena den, nire helburua ez da marka bat ezartzea. Gai pertsonala da. Nire helburu bakarra gorputzez eta buruz ondo sentitzea da».
Antiora joaten den bakoitzean lau kilometro egiten ditu, beti errepidetik igotzen eta jaisten baita. «Antiora heltzen naizenean, iturrian ur pixka bat edaten dut eta beherako bidea hasten dut. Egun batzuetan bizpahiru aldiz etorri naiz, beste batzuetan zazpi edo zortzi aldiz… Gogoaren eta denboraren arabera. Gehien igo naizen egunetan, hamar aldiz igo naiz».
Batzuetan goizetan igotzen da, beste batzuetan arratsaldetan, goizetan eta arratsaldetan ere bai… «Ez dut ordutegirik eta ezta egutegirik ere». Antiora 1.000 aldiz joateko denbora asko behar da, baina emaztearen babesa du. «Egitasmoaren berri eman nionean, animatu egin ninduen. Niretzako onuragarria izango zela uste banuen, egiteko esan zidan. Batzuetan nirekin etortzen da», aipatu du.
Ehunka igoera, ehunka istorio. «Urtarrilaren 1ean ekin nion eta euriarekin eta elurrarekin etorri izan naiz. Etxera blai-blai eginda iristen nintzen. Nora noa?, pentsatzen nuen. Baina egin beharra nuen. Igotzeari uzten banion… Udaberrian hobeto sentitzen hasi nintzen eta askotan etorri nintzen».
Jendea, harrituta
Oso ezaguna da Antiora joateko ohitura dutenen artean. «Egunero behin baino gehiagotan ikusten ninduten eta zertan ari nintzen galdetzen zidaten. Lagun asko egin ditut Antiora etortzeko ohitura dutenen artean. Herritar asko ia egunero etortzen dira».
Bera ere ia egunero igo da. Urtea Antiori eskaini dio. «Izazpira, Samiñora, Oletara, Irimora, Elosura… joatea ere gustatzen zait. 25-30 kilometroko ibilaldiak egitea gustatzen zait. Urtero Donostiara eta Arantzazura joaten naiz oinez, Leitzarango bidea ere egiten dut… Baina aurten Antiora etorri naiz batez ere». Ez da aspertu, ordea. «Urteko lehen egunetan berehala etxera itzultzeko gogoa nuen: egunero gauza bera, hotza… Baina ohitu egin nintzen. Urtea amaitu arte jarraituko dut eta datorren urtean ere Antiora etorriko naiz. Hori bai, gutxiagotan igoko naiz eta gorago joango naiz».
Izan ere, Antio oso toki berezia da beretzat. «Gaztea nintzenean, ermitaren zaharberritze lanetan parte hartu nuen». Duela 50 urte baseliza zaharberritzen lagundu zuen eta aurten errepidea higatzen lagundu du. Bost zapatila pare gastatu ditu.
