Gainzurin matrikulatu nahi zuten hiru haur beste ikastetxe batera bidali ditu

Hezkuntza sailak matrikulen prozedura aldatu du eta zenbait familia eta ikastetxe kexu ageri dira. Horien artean, Gainzuri ikastetxea eta haurrak bertan matrikulatu nahi zituzten hiru familia. Gainzurik ikastetxeko guraso guztiei idatzi bat bidali die eta ostegunean kontzentrazio bat antolatu dute, familia kaltetuei babesa adierazteko. Kontzentrazioa ostegunean izango da, 13:05ean, Labeaga aretoaren parean.
“Aurreko otsailean, 2023-2024 ikasturteko matrikula epea izan zen. Gainzurin, 54 plazako eskaintza genuen gehienez, 2 urteko geletarako eta 46 ikasle matrikulatu ziren, 8 plaza libre geldituz. Hezkuntza Sailak, segregazioari aurre egiteko aitzakiarekin, aurtengo matrikuletarako prozedura aldatu egin du. Matrikula berria egin duten familiek galdetegi bat bete behar zuten eta horren arabera, ikasleak zaurgarri eta ez zaurgarri bezala sailkatu ditu. Zaurgarritasun indize hori ikastetxeen artean oreka bat izateko ikasle batzuk ikastetxez mugitu dituzte.
Gauzak horrela, Gainzurin matrikulaturiko 3 ikasle ez zaurgarri, beste ikastetxe batera bidali dituzte eta gurera beste ikastetxe batetik ikasle ez zaurgarri bat bidali dute. Horren ondorioz, gure ikastetxean 46 matrikula izatetik 44 izatera pasa gara, hau da 2 matrikula gutxiago. Gure ustez, mugimendu solte horiekin zaurgarritasun indizearen arazoa ez da konpontzen eta familiek beraien seme-alaben eskola erabakitzeko duten eskubidea erabat urratzen da. Uste dugu ere, familia batek ikastetxe publikoa aukeratzen badu, eta bertan, plaza nahiko badago, bere aukera errespetatu egin behar dela eta ez dugu onargarria ikusten, itunpeko ikastetxe batera mugitzea.
Gainzuritik beste ikastetxeetara mugitu dituzten 3 familia horiek errekurtsoa jarri dute Hezkuntza Sailaren aurrean eta erantzunaren zain daude momentu honetan. Idatzi honekin 3 familia horiei bizitzen ari diren egoera zail honetan gure babesa eskaini nahi diegu eta Hezkuntza Sailari bere erabakia atzera bota dezan eskatu. Bide batez, hurrengo osteguna ekainak 15, 13:05 Labeaga areto parean, guzti hau salatzeko egingo dugun elkarretaratzera gonbidatzen zaituztegu”.