
Zumarragako Euskal Herria Bilduk batzarra egin zuen asteazken arratsaldean. Batzarrean hauteskundeen emaitzak izan zituzten hizpide eta lortutako babesaren balorazioa egin zuten. Horra hor balorazioa.
“Bost zinegotzirekin zumarragarren %34ak babestu gaitu, gehiengo absolutuaren aroa amaitu da eta ziklo berri bat irekitzen da Zumarragan. Zumarragak lidergo berri, kooperatibo eta enpatikoak behar dituela berretsi dugu. Hauteskundeen emaitzekin herritarrek argi adierazi dute norabide aldaketa bat beharrezkoa dela.
Gauzak honela, eta borondate honi erantzun asmoz, Euskal Herria Bilduko batzarraren erabateko babesaz Aritz Elgarresta Berasategik bere hautagaitza aurkeztuko du ekainaren 17an, udalaren eraketarako batzarrean. Erabakia zumarragarrekin eta Zumarragako etorkizunarekin hartu duen konpromisoaren bermea da. Kanpainan zehar eta lehenago ere adierazi duen bide orria betetzeko prest dagoenaren seinale.
Izan ere, EH Bilduk lanean segitzen du, esaten duena egiten, eta egiten duena esaten. Eta, zentzu horretan, Zumarragak erantzun konpartituak behar ditu. Erabaki garrantzitsu eta estrategikoak hartu behar dira legegintzaldi honetan eta erabakiak adostasunetik hartuko ditugu, lankidetzan jardunez eta lidergo eredu berriekin.
Badira lehentasunezkoak diren gaiak: gure herriaren eta belaunaldi berrien etorkizuna baldintzatuko duten erronka erabakigarrien aurrean gaude. Legegintzaldi honetan hartuko diren erabakiek gure etorkizun industriala, soziala eta ingurumenari dagokiona baldintzatuko dituzte: Arcelorreko eremuan kokatuko den azpiegitura edo industria mota; zaintza sistema eredua; gure zerbitzu publikoak indartu edo ahuldu; edo udalaren gaitasun ekonomikoa hobetu edo ez.
Oso argi dauzkagu lehentasunak eta alkatetzan bagaude lehen hilabeteetan erabaki hauek hartuko ditugu:
Plastic Energy-ren aukera baztertu eta lan-mahai bat eratuko dugu gainontzeko alderdi, Uggasa, Mankomunitatea, UGLE eta SPRIrekin, Arcelorreko eremu industrialaren garapena lankidetzan diseinatu eta adosteko.
Herriko eragile, herritar eta udaleko teknikariekin Zumarragaren etorkizuna diseinatzeko estrategia lantzen hasiko gara.
Udalaren gaitasun ekonomiko finantzieroa hobetzeko plana landuko dugu.
Horrela, hasieran esan bezala, ekainaren 17an Zumarragako Udalaren eraketarako batzarrean Zumarragako EH Bilduk Aritz Egarresta Berasategi aurkeztuko du alkatetzarako eta goizeko 10:30etan izango den ekitaldian parte hartzeko deia zabaltzen diegu herritar orori
Esan izan dugun eta esaten jarraitzen dugun bezala: bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutiago”.