Udalbatzak eratzeko batzarra 10:30ean izan da Zumarragan. PSE-EEko zinegotziek Serranori eman dizkiote 6 bozak, EH Bilduko 5 bozak Aritz Elgarrestarentzat izan dira, eta EAJk zurian bozkatu du.

Aurreikuspenen arabera gauzatu da gaur Zumarragan 2023-2027rako kargu-hartzea. Mikel Serranok hartu du aginte makila, eta PSE-EEko hautagaiak jarraituko du alkatetzan. Bosgarren legealdia izango da Serranorentzat. Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, 6 zinegotzi lortu zituen PSE-EEk (gehiengo osoa galdu zuen), 5 EH Bilduk, eta 2 EAJk. Bozketan, PSE-EEko ordezkariek Serranori eman dizkiote 6 bozak, EH Bilduko 5 botoak koalizioko Aritz Elgarresta alkategaiarentzat izan dira, eta EAJkoek zurian bozkatu dute. Hala, PSE-EEk jarraituko du alkatetzan datozen lau urteetan.
Kargu-hartzearen ondoren, alderdi bakoitzeko alkategaiek hartu dute hitza. Elgarresta hasi da. “Bozkatu gintuzten zumarragarrek emandako konfiantza eskertu nahi nuke. Azken lau urteotan egindako lanaren emaitza izan da. Bide horretan jarraitzeko ilusioa, indarra eta konfiantza ematen dizkigu. Entzun, herria egin eta Zumarragak dituen erronkei erantzuteko lanean jarraituko dugu. %127ko hazkundea izan dugu, auzo guztietan hazi gara, emaitza bikainak izan dira”.
EAJko Josu Idigoras hautagaiak “Zumarragan politika egiteko modu berriak, irekiagoak eta parte hartzaileagoak” plazaratu direla azpimarratu du, eta bere alderdiak “gizarte antolatuari laguntza” emango diola. “Herria guztion artean egiten dugu, beraz, gardentasuna eta parte hartzea ezinbesteko dira”.
Azkenik, aginte makila hartuta, Mikel Serranoren txanda izan da. Plastikoaren azken auziaren harira, esan du “hurrengo lau urteetan elkarrekin topo egiteko momentua izango” dutela udalbatzak osatzen dutenek. Zinegotzi berriei zorionak eman dizkie, eta joandakoei eskerrak. Lanean segitzeko konpromisoa agertu du.