Adierazpen bateratua egin dute
Urretxuko EAJk eta PSE-EEk adierazpen bateratua egin dute. Horra hor idatzia:
“Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen emaitzek hauteskunde mapa anitza eta zatikatua agertu dute Euskadin, euskal gizartearen aniztasunaren isla dena eta Urretxuko udalerrian ere eragina izan duena.
Jakina den moduan, EAJk eta PSE-EEk, 2015etik euskal erakunde nagusiak koalizioan gobernatzen ari diren alderdiek, akordio bat sinatu dute, Euskadiko udaletan gobernagarritasun koherente bat sustatzen duena. Horretarako, elkarrenganako babesa eta parte hartze ekitatiboa sustatuko dute udal administrazioan, erronka larriei aurre egiteko. Hala nola, zerbitzu publikoen babesa, desberdintasunen aurkako borroka, justizia soziala, aurrerapena, klima aldaketa, erronka demografikoa, sustapen ekonomikoa edo etxebizitza.
Helburu horiekin, eta datozen lau urteetako kudeaketa publikoaren eraginkortasun administratiboa eta egonkortasun politikoa lortzeko, moldakortasun eta malgutasun esfortzu bat egin da. Hala, bi alderdi politikook konpromisoa hartu dugu batera lan egiteko gobernu partekatuko balizko akordio bat lortzeko bidean. Helburu hori soilik lor liteke konfiantza, lankidetza eta elkarrekiko errespetuzko esparru batean; bai gure arteko errespetuan baita korporazioan ordezkatuta dauden gainerako alderdiekiko errespetuan.
Hala ere, gobernu akordio horiek gauzatzeko eta erantzukizunak esleitzeko, zinegotzien edo aurrekontu partiden banaketa hutsa baino zerbait gehiago behar da. Helburua legegintzaldiko benetako itun bat lortzea da, eta hori lortzeko lanean ari gara.
EAJren eta PSE-EEren tokiko exekutibek hartutako konpromiso politiko hori gure alderdiek sinatutako akordioekiko errespetuan oinarritzen da, baita Urretxuko herritarren gehiengoak eman digun konfiantzan ere. Hain zuzen ere, beren bizi kalitatea zuzenean hobetuko duten akordioak lortzeko eman diguten konfiantzan”.