
Herriko kirolariek irakurriko dute aurten Urretxuko Santa Anastasia jaietako pregoia. Azken urteotan hainbat kirolari maila gorenera heldu dira eta udalak omendu egin nahi ditu.
Horra hor udalaren mezua. “Urretxun kirolaren eta kirolarien loraldia bizitzen ari gara. Izan ere, hainbat kirol belaunaldi dira une honetan maila gorenean jokatzen eta lehiatzen ari direnak, gure herriaren izena munduan zehar ezagutzera ematen ari direnak, eta noski, gu, urretxuarrok, benetan harro gaude. Harrotasun horren isla izan da aurtengo Santa Anastasia Jaietako pregoilarien aukeraketa: herriko kirolariak. Herriko kirolariak dira adiskidetasuna, beren burua gainditzeko grina, prestutasuna, fideltasuna, elkarlana eta umorearen eredu garbi bat, eta horien ordezkari izango dira udaletxeko balkoian Ainhoa Sanz (atleta), Aritz Egea (korrikalaria), Mayi Mujika (korrikalaria), June Garitano (eskiatzailea), Luken Garitano (eskiatzailea), Nahia Garrido (igerilaria), Alex Diaz (txirrindularia), Nicolas Alustiza (txirrindularia), Xabier Isasa (txirrindularia), Jokin Gabilondo (futbolaria), Xabier Erostarbe (pilotaria) eta Oier Ibarluzea (pilotaria). Azken horiek omendu nahi ditugu beren lorpenengatik eta lehen aipatu moduan, Urretxuko herriaren izena munduan zehar zabaltzeagatik. Aupa txapeldunak!”.
Argazkia: Carlos Mediavilla