
Gaur goizean Ordiziako gazta lehiaketa entzutetsua egin da. Segurako Ondarre baserriko Eneko Goiburuk irabazi du lehen saria. Gabiriako Baztarrika baserrikoak finalera sailkatu dira, baina ez dute saririk lortu. Baztarrika gaztandegiko nagusiak Asier Osinalde eta Eli Elgarresta senar-emazteak dira. Osinalde zumarragarra da. Legazpiko fabrika batean lan egiten zuen eta duela 21 urte lantegia utzi zuen emaztearen familiaren gaztandegian lan egiteko. Igandean Gipuzkoako lehiaketa irabazi zuten Legazpiko Artzain Egunean.
Ordiziako lehiaketan 50 gaztagilek parte hartu dute. Finalera 14 sailkatu dira. Lehiaketara aurkeztutako 50 gazten artean ketuak naturalak baino gutxiago ziren arren –20 ketu, 30 natural–, finalera bederatzi ketu iritsi dira. Baztarrikakoek gazta natural bat aurkeztu dute.