
Gernika-Palestina ekimenak kontzentrazioak egin ditu gaur arratsaldean, Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna lemapean. Urretxu eta Zumarragako elkarretaratzea Areizaga-Kalebarren plazan izan da.
Amaieran testu bat irakurri dute. Gazan Israel egiten ari den genozidioarekin amaitu behar dela eta gatazkari konponbide justu eta demokratikoa eman behar zaiola esan dute. “Ezein erasok ez du justifikatzen Israel Palestinako herriari aplikatzen ari zaion zigor kolektiboa. Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritu behar da konponbidea. Okupazioari amaiera eman eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatu behar da”.
Justiziarik gabe ezin dela bakerik egon gogoratu dute. “Sortu den indarkeria zikloa, israeldarren eta palestinarren arteko arazoa modu baketsuan konpontzeko haarkadetako aukera asegabeen eta egin gabekoen emaitza tragikoa da”.
Israel GKE ezberdinei eta nazioarteko erakundeei azaltzen ari zaien “mespretxua eta harrokeria” erabat onartezina dela gehitu dute. “Era berean, nazioarteko eragileak ezin dira genozidio honen konplize izan. Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna da bakea babestea, negoziaziorako eta elkarrizketareko baldintza mesedegarriak sortzea eta gatazkaren sugarrak ez haizatzea. Munduko liderrek bakerako deia egin behar dute eta ez mendekurako deia. Genozidio honekin bukatzeko beren esku dagoen guztia egin dezaten interpelatzen ditugu”.