Iñigo Rodriguez Urzubi tabernako zerbitzariak kafean marrazki pertsonalizatuak egiten dizkie bezeroei
Urzubi tabernako Iñigo Rodriguezen kafeak zeresana ematen ari dira. Izan ere, esnearekin marrazkiak egiten ditu eta mezuak idazten ditu: animaliak, futbol taldeen armarriak, loreak, sinboloak… Bezeroei kafe pertsonalizatuak eskaintzen dizkie, beraien pozerako.
Rodriguez zumarragarra da eta 44 urte ditu. Mandubiko Bentan eta Berit, Aitube, Txanpon eta Huts tabernetan lan egin du, Urzubira heldu aurretik. Urzubin hasi da esnearekin marrazkiak egiten. “Urzubi ireki zenean, zerbitzariok ikastaro bat egin genuen. Kafean bihotzak eta loreak egiten irakatsi ziguten, besteak beste. Gustatu egin zitzaidan eta pixkanaka marrazki hobeak egin ditut”.
Ez da lan erraza. “Esnea ondo emultsionatu behar da, burbuilak kendu eta marraztu. Lana ematen du eta azkar egin behar da. Izan ere, marrazki oso polita egiten baduzu, baina kafea hotza zerbitzatzen baduzu…”.
Bezeroei asko gustatzen zaizkie marrazkiak. “Argazkiak ateratzen dituzte, profilean jartzen dituzte… Txirrindulari bat etortzen bada, txirrindu bat margotzen dut, adibidez. Bururatu zaizkidan marrazki guztiak egin ahal izan ditut. Zailena, Realaren armarria izan da”.
Rodriguezek ez du marrazketa ikasketarik. “Ez naiz sekula marrazki ikastaroetara joan, baina aita (Juan Bautista Rodriguez) margolaria da. Oso ondo margotzen du”.