Gaur, 'Teresa' pelikula emango dute. Bihar, manifestazioa egingo dute eta ondoren EmakumeOK jaialdia.
Urretxu eta Zumarragan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Gaur, 20:30ean, Teresa pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan. Sarrera doan izango da. Avilako Santa Teresari buruzko pelikula honetan, Blanca Portillo aktore nagusiarekin batera, Asier Etxeandia eta Urko Olazabal aktore euskaldunek lan egin dute. Emanaldia mankomunitateko Berdintasun arloak eta ButaK 21 zineklubak antolatu dute.
Bihar, 18:00etan, manifestazioa egingo dute. Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da. Urola Garaiko Koordinadora Feministak antolatu du. Koordinadorak EmakumeOK jaialdiaren bigarren edizioa ere antolatu du. 19:15ean egingo dute, Zelai Arizti aretoan.
Iaz 40 bat emakume baino gehiago elkartu ziren oholtza gainean eta antolaketa lanean. Ekitaldiak herriko emakume musikari eta dantzariak atera nahi ditu oholtzara. Elkar zaintzea, gozatzea, sareak sortzea eta emakumeen espazioak aldarrikatzea da helburua.
Bigarren edizio honetan 45 bat emakumek parte hartzea espero da. Sarrera doan izango da aforoa bete arte. Aurkezpena Ainhoa Aguado eta Maider Mateok egingo dute.
Jaialdia amaitu ondoren, 21:00ak inguru, gaztetxea irekiko da gaueko programazioari hasiera emateko. 22:30etan karaokea izango da eta 00:00etatik aurrera DjXagardorekin festa.