Hilaren 28an, Ostegun Santu egunean, Iñaki Mendiluze Txugiren omenezko txapelketa jokatuko da Argixaon. Aurten 18 taldek parte hartuko dute: zortzi neskenak eta 10 mutilenak. 288 jokalari guztira.
Emakumezkoen torneoan 2020 eta 2011 urteetan jaiotako neskek (haur mailakoek) parte hartuko dute. Multzo batean Reala, Ilintxa, Dux Logroño eta Urola arituko dira eta bestean Osasuna, Lakua, Goierri Gorri eta Aloña Mendi.
Gizonezkoei dagokienez, kimu mailako mutilek parte hartuko dute: 2012an jaiotakoek. Multzo batean Osasuna, Arnedo, Ilintxa, Mondragon eta Urola arituko dira eta bestean Reala, Eibar, Aloña Mendi, UDA eta Martutene.
Mutilek txapelketaren lehen fasea 09:00etan hasiko dute eta neskek 10:00etan. 12:55ean Urolak Iñaki Mendiluze omenduko du, haren familiarekin batera. 13:10ean bigarren fasea hasiko da. 13:40ean Kopako finalak jokatuko dira eta 14:10ean Txapeldunen Ligako finalak. Txapeldunen Liga lehen faseko onenek jokatuko dute. Sari banaketa 14:40ean izango da.
Nesken artean, ligaxkako lehen biek Txapeldunen Ligako finalaurrekoa jokatuko dute eta azken biek Kopako finalaurrekoa. Mutilen kasuan, ligaxkako lehen biek Txapeldunen Ligako finalaurrekoa jokatuko dute eta hirugarren gelditu direnek Kopako finalaurrekoa.
Txapelketa atzo arkeztu zuten, Argixao estadioko Iñaki Mendiluze aretoan. Ekitaldian Iñaki Mendiluze Zumarragako zinegotziak (omenduaren iloba), Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Amaia Aranburu Urolako lehendakariordeak parte hartu zuten.
Mendiluzek eskerrak eman zizkion Urolari, txapelketa inoiz baino indartsuago dagoelako. Haurrei ilusio handia egiten diela eta bere osabaren balioak zabaltzen dituela gehitu zuen.
Aranburuk deialdia egin zutenean mutilen talde asko aurkeztu zirela eta horregatik hamar talde gonbidatu dituztela aipatu zuen.
Fidalgok Urola zoriondu zuen, garai berrietara egokitzen jakin duelako eta duela urte batzuk nesken txapelketa martxan jarri zuelako.