
Txema Iriberrik Eire taberna utzi behar du eta festa antolatu du hilaren 20rako. 18:00etan aurpegi margoketa saioa egingo dute, haurrentzat. 19:00etatik aurrera, Julen Izagirrek musika jarriko du tabernaren kanpoaldean. Horretaz gain, pintxoak eta urdaiazpikoa jateko aukera egongo da. Hilaren 21ean, berriz, mus txapelketa jokatuko da. Izan ere, mus eta xake txapelketak Eire tabernaren ikurrak izan dira. Iriberrik Donostian eman zituen lehen pausoak eta ondoren Zumarragako geltokiko tabernan lan egin zuen, bere anaiarekin. Duela 25 urte Eire taberna ireki zuen.
Iriberrik sare sozialen bidez eman du bere erabakiaren berri. “Oso nekatuta nago. Atsedena behar dut. Eta, batez ere, idazteko beharra dut. Irakurtzeke ditudan ehunka liburuak irakurtzeko asmoa ere badut. Behin bakarrik bizi gara. Maite zaituztet”, idatzi du.
Eire taberna Julen Izagirre zumarragarrak hartuko du. Izagirre diseinatzailea da (Urretxuko eta Zumarragako jaietako egitarauetako azalak aukeratzeko lehiaketak hainbat aldiz irabazi ditu), baina ostalaritzan ere esperientzia handia du. Gainera, Iriberriren emaztearen (Karmele Graña) laguntza izango du. Grañak sukaldean lan egiten jarraituko du. Izagirrek iraila hasieran irekiko du Eire taberna.