Kike Amonarrizek Nola lortu da Tolosan euskararen erabilera %29tik %59ra igotzea? hitzaldia egingo du asteartean, 18:30ean, Zumarragako kultur etxean. Zintzo Mintzo euskara elkarteak gonbidatuta, telebista aurkezle eta soziolinguista tolosarrak euskararen biziberritzea bultzatzeko estrategien inguruko hitzaldia emango du. Bertan, besteak beste, Tolosan azken urteetan egindako lanketen errepasoa egingo du. Izan ere, 1985ean euskararen erabilera %29 zen Tolosako kaleetan, baina 2022an %51ra heldu zen, gaztelania gainditu eta kaleko hizkuntza nagusi bilakatuz.
Gure herrien kasuan, gogoratu behar da 2013an jo zuela goia euskararen kale-erabilerak (%23), baina geroztik behera egin duela eta 2021ean egindako azken neurketan, orain arte izandako emaitzarik baxuenera (%16) heldu zela.
Euskararen normalizazioan jauzi bat emateko premia bolo-bolo dabilen honetan, euskararen minorizazioa irauli eta emaitza nabarmenak eman dituzten neurriak aletuko ditu Kikek, berezkoa duen umoretik, baina errezeta magikorik gabe, eguneroko lana eta elkarlana oinarri hartuta.
Esperientzia hori Urretxu-Zumarragarako ere baliagarria izango delakoan, Zintzo Mintzok hitzaldian parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.