EAJk Metal 78 enpresa Zumarragan ezartzeko orduan Eusko Jaurlaritza eta SPRI erabakiorrak izan direla gogoratu du

Katalizatzaileak birziklatzen dituen Metal 78 enpresak Zumarragan lantegia irekiko du eta EAJk prentsa ohar bat igorri du Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk erabaki horretan izan duten garrantzia gogoratzeko. “Eusko Jaurlaritzaren apustuak udalerriaren berrindustrializazioa bultzatzen du, ekonomia zirkularrean eta metal kritikoen berreskurapenean aitzindaria den proiektu baten bidez. Metal 78 Zumarragara iristea mugarri bat da Eusko Jaurlaritzaren industria suspertzeko estrategian. Enpresa aitzindaria da metal kritikoak berreskuratzen (platinoa, paladioa eta rodioa), eta garai bateko Arcelorren lurretan instalatuko du bere planta berritzailea, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI garapen agentziaren bultzada eta laguntzari esker. Guztira 25 milioi euroko inbertsioarekin (horietatik 5 milioi Next Generation funts europarretatik datoz), proiektuak zuzeneko 40 lanpostu sortzea aurreikusten du, eta prozesu hidrometalurgikoetan oinarritutako industria garbiko eredu bat da, fusioa saihesten duena eta emisio kutsatzaileak nabarmen murrizten dituena. Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa funtsezkoa izan da: SPRI taldeko arrisku kapitaleko sozietatearen bidez, Metal 78ko kapitalean parte hartzen du, eta, aldi berean, SPRILURren bidez, lehengo industria-lurren birsorkuntza gidatzen du, deskontaminazio, urbanizazio eta produkzio gune berriaren egokitzapen lanekin. Euskal erakundeek zeregin erabakigarria dute, industria gune enblematikoa berreskuratzeaz gain, udalerria berrikuntza teknologikoaren eta jasangarritasunaren mapan kokatzen duen ekimena gauzatzeko orduan”.