1936ko gerrari eta bere ondorenari buruzko dokumentala eta mahai-ingurua, ostegunean Zelai Arizti kultur etxean

Osteegunean, 18:00etan, 1936ko gerrari eta bere ondorenari buruzko dokumentala emango dute Zelai Arizti kultur etxean. Ondoren, mahai-ingurua egingo dute Aritz Ormazabal eta Irati Zuriarrainekin. Ormazabal dokumentalaren egileetako bat da eta Zuriarrain historialaria. Dokumentalean 1936ko gerraren eta ondorenaren testigantzak jaso zituzten.
Ekitaldia Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak antolatu du. Horra hor antolatzaileen aurkezpena. “Osteguneko egitarauak memoria historikoa bizirik mantentzeko asmoa du, ez nostalgia ariketa soil gisa, baizik eta oraina ulertzeko eta etorkizunean borrokan jarraitzeko tresna gisa. Gertatu zena, nola bizi izan zen eta nork bizi izan zuen gogoratzea funtsezkoa da kontakizun distortsionatuekin engaina ez gaitzaten. Memoria erantzukizun politikoa dela aldarrikatzen dugu Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladatik, izan ere, gure historia ezagututa bakarrik jabetu gaitezke jokoan dagoenaz. 2018an, Zumarragako eta Urretxuko frankismoaren biktimen testigantzen bilketa argitaratu zen Aritz Ormazabal, Haritz Berasategi, Alex Areizaga eta Idoia Agirreren eskutik. Dokumentu honetan jasotzen diren testigantzak, gure historiaren kontakizun amaitu gabe hori osatzeko bidean, ekarpen oso garrantzitsua egiten dute. Argitalpen honetan biktimek beren bizipen, sentimendu, beldur, ilusio, itxaropen eta borroken testigantza ematen dute. Urte haietako testuingurua hobeto ulertzeko, Irati Zuriarrain historialaria izango da gurekin, dokumentalaren testigantzak bere une historikoan kokatzen eta protagonistek bizi izan zutena hobeto ulertzen lagunduko diguna. Bere azalpena lerro artean irakurtzeko eta kontakizun bakoitzaren atzean dagoen guztia jasotzeko gida moduko bat izango da. Sarrera historiko honen ondoren, Memorian Atzera filmaren egileetako batekin hitz egiteko aukera izango dugu, Aritz Ormazabalekin. Egileak bere esperientzia pertsonaletik kontatuko digu nola izan zen proiektuaren ekoizpenean parte hartzea, zerk bultzatu zituen eta zer ikasi zuten bidean”.