Gorka Hermosa eta Iñaki Pinedok zuzendutako Hauspoa&Tunela dokumentalak bi sari jaso ditu: Galiziako Festival de Cine de Roca jaialdian hizkuntza ez galegoan sortutako dokumental onenari saria eta Asturiaseko Festival Internacional de Cine de Tradicionesen lehen saria. Lehenago, beste hiru sari lortu zituen: Georgian (AEB) eta Arjuntalan (India) lehen saria eta Buenos Airesen bigarren saria.
Dokumentalak, 1859an, Madrid-Paris trenbidearen obrak zirela eta, Zumarragara iritsi zen langile italiar baten akordeoi txikiaren historia kontatzen du. Akordeoi hark hazi bat landatu zuen Euskal Herriaren bihotzean eta segituan inguruko panderojoleen antzinako soinuarekin bat egin zuen. 1920an, Italiar langile hura (Juan Bautista Busca) bizi izan zen etxetik metro gutxira, Euxebio tabernan, ezagutzen den lehen trikitixa talde egonkorra sortu zen: Zumarragako Trikitixa. 1924an lehen trikitixa diskoa grabatu zuten, Columbia Records-entzat. Horretaz gain, dokumentalak akordeoiak Zumarragan izan duen bilakaera ere aztertzen du: Zumarragatik mundu osoko areto ospetsuenetara nola iritsi den.
Hauspoa&Tunela dokumentalak Euskal Herriko 20 pertsonaia esanguratsuen lekukotasunak biltzen ditu: Fermin Muguruza, Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Jon Maia, Toti Martinez de Lezea, Garikoitz Mendizabal, Jon Plazaola, Joseba Apaolaza… eta, nola ez, Zumarragako Trikitixako kideak.
Aipatutako bost sari horiek lortzeaz gain, beste 34 zinema jaialdietako sail ofizialean hautatua izan da: Kolonbia, Brasil, Nigeria, Txile, AEB, Italia, Mazedonia, Grezia, Alemania, Suedia eta Espainian.
2025eko abenduan Donostiako Principal Antzokian estreinatu zenetik, dokumentalak zabalkunde handia izan du zinema aretoetan ere: Madril, Valentzia, Salamanca, Bilbo, Santander, Pirineotako PIR Jaialdia, Urueña, Ponferrada, Berdun, Arrasate eta Zumarragan eman dute. Datozen asteetan Pecs (Hungaria), Gijon, Leon, Llanes eta Oiartzunen aurkeztuko da. ETB1 eta ETB2k ere emititu dute eta TVEko Canal 24H kateak erreportaje zabala eskaini zion.
Dokumentala Next Generation Europako funtsekin finantzatu da, Zumarragako Udalaren bitartekaritzaz. Udalaren beraren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Caja Rural de Navarraren laguntza ere jaso du.
Bi zuzendariek, Gorka Hermosak eta Iñaki Pinedok, ibilbide oso desberdinak dituzte. Pinedo zinemagile bilbotar beteranoak zazpi dokumental zuzendu ditu. Besteak beste, Los otros Guernicas, non Woody Allen, Almudena Grandes eta Santiago Carrillok parte hartu zuten. Hermosarentzat lehen dokumentala da, baina gaia oso ondo ezagutzen du, gaur egungo akordeoilari nabarmenetako bat baita. Mundu osoko 70 orkestrak baino gehiagok interpretatu dituzte bere konposizioak, eta bere abestiak Silvio Rodriguez bezalako artistek grabatu dituzte. Kasualitatez (edo kausalitatez), Hermosa Zumarragako Trikitixa sortu zen tokian bizi eta hazi zen: Euxebio taberna zegoen tokian.
