
Gaur, 20:15ean, Jon Plazaola urretxuarrak eta Aitziber Garmendia zaldibiarrak Arizona antzeztuko dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Antzezlan horretako protagonista bere jabegoko mugak defendatu nahi dituen bikotea da. Antzerki saioak harrera bikaina izan du eta dagoeneko ez da sarrerarik gelditzen.
Gaurko antzerki saioa Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu dute, ikuskizun eszenikoen egitarauaren barne. Orain arte hiru antzezlan izan dira: otsailean Yllana konpainiak Passport komedia taularatu zuen, martxoan Artedrama taldeak Miñan eta apirilean Alberto San Juanek Lorca en Nueva York. Ostiral honetakoa laugarrena izango da. Bosgarren ikuskizuna udako oporren aurreko azkena izango da: ekainaren 6an Igor Calongek Nee dantza ikuskizuna eskainiko du.
Irailaren 5ean Tartean taldeak Ay, gure juaneteak lana antzeztuko du: Laboaren kantak gaur egungo gizabere baten begiradatik. Urriaren 3an Menina, soy una puta obra de Velazquez lana antzeztuko dute. Protagonista umetatik lodifobia pairatu behar izan duen emakume bat da. Azaroaren 7an Txalo konpainiak Amak lana taularatuko du. Ikastola bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeren istorioa da. Bukatzeko, abenduaren 5an Morfeo taldeak Strip-tease lana antzeztuko du. Komedia honetako protagonistak konturatu gabe gela txiki eta itxi batean bukatu duten bi gizon dira.