Gari Lizarraga zumarragarrak 1980ko hamarkadan oso ezaguna izan zen Realaren abestia berreskuratu du
Gari Lizarraga trikitilari zumarragarrak 1980ko hamarkadan oso ezaguna egin zen Realaren abesti bat berreskuratu du. Abesti hura Imanol Urbieta zarauztarrak sortu zuen. Lizarragak moldatu egin du eta Gure nortasuna izenburua eman dio. “Aspalditik nuen buruan abesti hori grabatzea. Realak Kopako finala jokatuko duenez eta nire amaren lehengusu baten semea den Lander Astiazaranek Sansen jokatzen duenez, une egokia orain dela pentsatu dut eta lau egunetan grabatu dut. Kanta guztiz gogoratzen ez nuenez, hitzak nik idatzi ditut”.
Zazpi musikarirekin grabatu du: Iñaki Larrañaga (panderoa eta irrintziak), Urki Muñoz (txalaparta), Jokin Calvo (txalaparta), Julen Leuza (atabala eta dultzaina), Juanma Urriza (bateria), Txitxarro (baxua) eta Markos Txurruka (gitarra eta ahotsa). Teknikari lana Asier Zabalzak egin du.
