Larunbatean (hilak 25) Kubaren aldeko bilketa solidarioa egingo dute Zumarragan. EHKS eta IAS-ek Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean antolatu dituzte bilketak, eta Euskal Herri osoan zehar egingo dituzte. Zumarragako bilketaz gain, Goierri beste bost herritan ere bilduko dira oinarrizko produktuak.
Antolatzaileen esanetan, Euskal herritarrei Kubako herriari elkartasuna adieraztea dagokie. “Inperialismoaren aurka mobilizatzeko eta gizatasunez jarduteko” deia egin dute. “Kubako herria muturreko egoeran dago AEBen blokeo kriminala dela eta. Trump presidente faxista genozidio saiakera egiten ari da: erregaiak ez dira iristen, itzalaldiak orokortzen ari dira, oinarrizko produktu gehienen eskasia dago… Kuba elkartasun internazionalistaren eredu izan da hamarkadetan zehar, modu guztiz desinteresatuan. Sozialismoan oinarritutako elkartasuna erakutsi dio Kubak munduari. Orain guri dagokigu Kubako herriari elkartasuna adieraztea”, azaldu dute.
Zumarragako bilketa larunbatean izango da, 10:00etatik 13:00etara, Zumarragako Eroskin. Honako produktu hauek bilduko dituzte:
• Elikagai ez-galkorrak: janari enlatatuak, arroza, zerealak, lekaleak, pastak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa, tomatea briketan. 2027ko ekainetik aurrera iraungitzen direnak.
• Higiene materiala: konpresak, tampaxak, toallatxak, pixoihalak (haurrentzat eta helduentzat).
• Kirol materiala: baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak, ekipamendua (kamisetak, galtza motzak, takodun botak…).
• Ikasmateriala: arkatzak, boligrafoak, koloretako pintura eta errotuladoreak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak…
• Garbitzeko materiala: erratzak, fregonak, oihalak, trapuak, esoartzuak, biberoien garbitzailea…
• Diru ekarpena plaka fotoboltaikoetarako: eskudirutan bilketa postuan edo kontu korronte bidez (ES35 3035 0134 43 1340059271 Euskadi-Cuba/Laboral Kutxa).
Apirilan 25az gain, apirilaren 24ko arratsaldera arte herriko farmazietan botika eta medikamentuak jasoko dira bilketetarako. Horrez gain, herriko zenbait kirol elkartek ere kirol materiala bilduko dute.
