Urretxuko eta Zumarragako eskola publikoko hiru zentroek (haurreskola, Gainzuri eta Joxe Mari Iparragirre institutua) irudi bateratua aurkeztu dute Zumarragako azokan. Irudia Oier Fernandezek eta Eider Gorrotxategik egin dute eta bertan hiru eraikin marraztu dituzte elkarri lotuta, hiru zentroen bateratzea irudikatzeko. Ekitaldian Iñaki Etxaniz Gainzuriko zuzendariak, Rebeka Mujika haurreskolako irakasleak eta Yara Urtaza institutuko zuzendariak parte hartu dute.
Irudi berria azken urteotan abiatu duten prozesuaren emaitza dela azpimarratu dute. «Prozesu horretan, lerro bereko ikastetxeen arteko elkarlana sendotzen ari gara, eta gaur aurkezten dugun irudia bide horren adierazpen grafikoa da. Helburu argi batekin dihardugu: gure herrietan euskal eskola publikoa indartu eta aberastea. Horretarako, 0-18 ibilbidea bere osotasunean sendotzea ezinbestekoa da; hezkuntza-ibilbide integrala eskainiz eta haurraren garapen osoa, jarraikortasuna eta ekitatezko eta kalitatezko hezkuntza publikoa lehenetsiz».
Haurreskola, eskola eta institutua bateratzearen onurez hitz egin dute. «Aukera ematen du etapaz etapa lotura
sendoak eraikitzeko eta ikasleak ibilbide berean hazten eta hezten joan daitezen, familien eta komunitatearen erreferentzia gune bera mantenduz. Ikaslea erdigunean duen
hezkuntza-eredua indartzen du, bere ongizate emozionala, garapen pertsonala eta gizarteratzea etengabe zainduz ibilbide osoan. Familia berak bizitza osoan erreferentzia izango duen hezkuntza-proiektu publiko bakarra izatea, konfiantza eta harreman egonkorrak eraikitzeko oinarri sendoa da».
Trantsizioak
Talde eta profesionalen koordinazio estuari esker, trantsizioak (haurreskolatik eskolara eta eskolatik institutura) «modu leunago eta zainduagoan» egin daitezkeela gehitu dute eta baloreez hitz egin dute. «Eskola sare publiko sendoek gizarte kohesioa, kulturartekotasuna eta herritartasun aktiboa indartzen dituzte,
balio demokratikoetan oinarrituta».
Helburua ikasleak bizitzarako prestatzea dela azaldu dute, «gizartean aritzeko konpetentzia anitzetan trebatuz eta autonomia pertsonala modu progresiboan eraikiz, euren hezkuntza ibilbideko etapa guztietan zehar. Urretxu-Zumarragako eskola publikoaren proiektu integratu honek ikasleen ongizatea, inklusioa eta garapena ditu ardatz».
Irudi bateratua, egiten ari diren lan kolektiboaren isla eta ibilbide osoaren batasunaren ikur da. «Gaur [astelehen arratsaldean] aurkezten dugun etxe bateratu hori, orain arte bezala, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta eraikitzen jarraituko dugu.
Mila esker eta ongi etorri gure etxera, denon etxera», adierazi dute.
Ekitaldiaren amaieran Gorrotxategik eta Fernandezek ere hitza hartu dute. Irudi berrian hiru espazioak bateratu dituztela aipatu dute. «Emaitza sinplea da, baina indarra du eta batasuna irudikatzen du», esan zuten. Bukatzeko, bertan bildutako guztiek, haurreskola, Gainzuri eta institutuko ikasle, irakasle eta langileek, taldeko argazkia atera dute.

