Larunbata oso egun berezia izan zen urretxuar eta zumarragar guztientzat. Guztientzat izan zen hunkigarria. Batzuentzat Realak Kopako finala irabazi zuelako, besteentzat Motz tabernako Gaizka Oiartzabal omendu zutelako… Herritar askok bi ekitaldiez gozatu zuten, futbol zalea izatea, musika zalea, euskaltzalea eta taberna zalea izatearekin bateragarria baita. Eguerdian bazkaria egin zuten Goierri elkartean eta Oiartzabalek lagunen omenaldia jaso zuen. Arratsaldean kontzertuak izan ziren gaztetxean. Sevillan Oiartzabal bati kopa eman zioten eta Urretxun kopa asko zerbitzatu dituen Oiartzabal bati txapela. Batek golen bidez egin ditu zoriontsu herritarrak, besteak musikaren bitartez.

