Herritar talde batek janari bilketa bat antolatu du, Greziako Lesbos irlan lan egiten duen Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeari (GKE) laguntzeko. 2.700 kilo elikagai jaso dute. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete lagundu dieten guztiei. “Zaporeak elkartearen izenean, Urretxu eta Zumarragako herritarrek Lesbosko (Grezia) errefuxiatu eremura elikagaiak bidaltzeko emandako laguntza eskertu nahi dugu. Era berean, elikagaiak biltzea ezinezkoa zatekeen Urretxuko Eroski eta BM supermerkatuen lankidetzarik gabe, boluntarioen parte hartzerik gabe, Urretxuko Udalaren elikagaiak gordetzeko biltegiaren eta Legazpiko Hotz taldearen ekarpenik gabe. Eta, azkenik, zalantzarik gabe, eskerrak eman behar dizkiegu Urretxu eta Zumarragako ikastetxeei (Gainzuri, Joxe Mari Iparragirre, Urretxu-Zumarraga ikastola, lizeoa eta La Salle-Legazpi), errefuxiatuen egoerari buruzko azterketa eta hausnarketaren bidez ikasleekin egindako lanagatik. Zentzu horretan, ikasleen lankidetza funtsezkoa izan da. Guztion artean 2.770 kilo elikagai bildu ahal izan ditugu. Eskerrik asko guztioi”.

