Parte hartuko duen euskal herritar bakarra izango da
Jone Maguregi Rodriguez Urretxuko Iota gimnasioko entrenatzaileak munduko powerlifting txapelketan parte hartuko du. Txapelketa ekainaren 16an jokatuko du, Lituanian.
Maguregi Markina-Xemeingoa (Bizkaia) da eta 26 urte ditu. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zuen EHUn eta ondoren goi mailako kirol gradua egin zuen. Dena den, ez da beti kirolzalea izan. «Umetan ez nuen batere kirolik egin. 18-19 urte nituenean hasi nintzen kirola egiten. Gimnasiora joaten hasi nintzen, zerbait egiteagatik, eta pixkanaka eboluzionatu egin dut».
Lehen pausoak Bartzelonan eman zituen, bertan ikasi baitzuen. «Bartzelonara joan nintzenean hasi nintzen gimnasiora joaten: hiri berri bat zen, bertan ez nuen lagunik oraindik… eta, zerbait egitearren, gimnasio batean izena eman nuen. Hasieran denborapasa gisa joaten nintzen, baina pixkanaka jendea ezagutu nuen, ariketak zergatik egiten diren ikasi nuen… eta gustatu egin zitzaidan».
Egun powerliftinga egiten du. «Hasieran gimnasioko ariketa arruntak egiten nituen, ondoren gorputza lantzeko kirola egin nuen eta duela bost urte powerlifting egiten hasi nintzen. Ahalik eta pisu gehien altxatzean datza, hiru mugimendutan: sentadilla, aulki sakakada eta pisu hila».
Sare sozialen bidez ezagutu zuen pertsona baten gomendioz hasi zen powerliftinga egiten. «Gimnasioan hasi nintzenean, sentadillak, pisu hila… egiten nituen, pisua mugitzea gustatzen zaidalako. Pertsona bat nirekin harremanetan jarri zen Instagram bidez eta nik egiten nuena eta berak egiten zuen kirola oso antzerakoak zirela esan zidan. Zergatik ez duzu probatzen?, esan zidan. Probatzea erabaki nuen, aulki sakakada egitea bakarrik falta zitzaidan, eta gustatu egin zitzaidan. Hala, lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen».
Hasi eta berehala hasi zen txapelketetan parte hartzen. «2021eko amaieran hasi nintzen powerliftinga egiten eta nire lehen txapelketa ofiziala 2022ko otsailean izan zen. Dagoeneko hamabi txapelketetan parte hartu dut». Oso emaitza onak lortu ditu. «Espainiako txapelketa hiru aldiz irabazi dut eta Europako txapelketan bigarren postuan sailkatu nintzen. Europako txapelketa Maltan jokatu zen, martxoan». 63 kilotik beherako mailan parte hartu du beti.
Ekainaren erdialdean Lituaniara joango da, munduko txapelketan parte hartzera. Bere mailakoak ekainaren 16an lehiatuko dira. «Ilusio handia egiten dit. Iaz parte hartu nuen lehenengoz munduko txapelketan, baina orduko hartan zorte kontua izan zen. Izan ere, Espainiako txapelketan lortu nuen mundukora joan zen marka. Aurten, berriz, Europako txapelketan lortu dut. Nire marka onena bertan egin nuen: 490 kilo altxatu nituen: 175 kilo sentadillan, 117,5 aulki sakakadan eta 197,5 pisu hilean».
Bere helburua hamar lehenengoen artean sailkatzea da. «Hamar lehenengoen artean sailkatzea lortzen badut, urtea borobilduko dut. Nire helburua munduko txapelketan 500 kilo altxatzea da».
Bera izango da euskal herritar bakarra, nahiz eta powerliftingak geroz eta jarraitzaile gehiago dituen gure artean. «Pandemiaren ondorengo urteetan gorakada nabarmena izan du. Lehiaketetan geroz eta jende gehiagok parte hartzen du eta horrek asko pozten nau».
Lan mundua
Afizioa zuena ofizio bilakatu da. «Bilboko Fitness Park gimnasioan hasi nintzen mundu honetan lanean. Bi urte eman nituen bertan. Ondoren Murtziara (Espainia) joan nintzen. Fitness Parkek Murtzian ere gimnasioa du eta beraientzat lan egiten jarraitu nuen. Egun, crossfit entrenatzailea eta entrenatzaile pertsonala naiz».
Publizitatea eta Harreman Publikoak ere ikasi zuen, baina ez du sekula alor horretan lan egin. «18 urterekin ez nekien zer ikasi eta hori ikastea erabaki nuen, baina ondoren kirol mundua nahiago nuela ikusi nuen eta kirol munduan lan egiteko ikasi nuen. Online ikasi nuen».
Irailetik Urretxun lan egiten du. «Murtziatik iaz itzuli ginen. Nire mutila gasteiztarra da eta ni markinarra. Etxea aurkitzea ez da erraza eta Bergaran aukera bikaina suertatu zitzaigun. Online ere lan egiten dut, baina aurrez aurre lan egitea gustatzen zait eta inguruko gimnasioetan lan bila hasi nintzen».
