Redondo, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gabinete burua izan zen
Ivan Redondo donostiarrak, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gabinete buru ohiak, El Manual liburua aurkeztu zuen atzo (astelehena) Madrilen. Aurkezpen ekitaldian Ainhoa&Jon dueto urretxuarrak jo zuen.
Ainhoa&Jon duetoa Ainhoa Rollizo eta Jon Goenagak osatzen dute. Oso pozik ageri dira, noski. “Duela hiruzpalau aste agentziakoak gurekin harremanetan jarri ziren. Prestatzen ari ziren ekitaldiaren berri eman ziguten. Ivan Redondok sare sozialen bidez ezagutu gintuela eta aurkezpenean jotzea nahi zuela esan ziguten. Sare sozialetan jarri genituen bi abesti jotzea nahi zuen: Itoizen Lau teilatu eta Oasis taldearen Stop crying your heart out. Guk Leona Lewisen bertsioa jotzen dugu. Gonbidapenari baiezkoa eman genion, noski: horrelako ekitaldi bat, Madrilen… oso garrantzitsua da guretzat. Erakusleihoa da”.
Redondo ezagutzeko aukera izan zuten. “Oso jatorra, gertukoa eta umila iruditu zitzaigun. Bere telefono zenbakia eman zigun. Jende ezagun asko joan zen aurkezpenera: kazetariak, politikariak… Euskal Herritik Jon Intsausti Donostiako alkatea, Denis Itxaso sailburua, Maider Etxeberria Gasteizko alkatea, Martxelo Otamendi, Luis Miguel Arconada… joan ziren. Boris Izagirre, Josep Pedrerol, Nacho Abad, Gonzalo Miro, Susanna Griso… ere ikusi genituen. Eta horiek guztiak guri begira!”, diote.
Gonbidatuen artean Jose Antonio Monago Extremadura presidente ohia ere izan zen, Redondo bere aholkularia izan baitzen. “Nire aita Extremadurakoa da eta Redondok bere herria ezagutzen duela esan zigun. Liburuan azaltzen da. Gurekin konexioa sentitu zuela eta horregatik ekitaldira gonbidatzea erabaki zuela esan zigun. Ekitaldian beste bi artista ere egon ziren eta horiekin ere oso gustura egon ginen. Oso pozik itzuli gara etxera”, aipatu du Rollizok.
Goenagak eta Rollizok hiru urte daramatzate elkarrekin jotzen. Rollizo Goenagaren piano ikaslea izan zen. Goenagari bere ahotsa asko gustatzen zaio eta elkarrekin aritzea eskaini zion. “Goiargin, Goiargi Txikin, Kimetsen… abestu nuen. Jonek eta biok abesti batzuk egin genituen, ondoren bideo bat egin genuen, Gaztea irratiko lehiaketara aurkeztu ginen… Azken urteotan ezkontza eta bestelako ekitaldi askotan jo dugu. Oso urte politak ari dira izaten. Oso pozik gaude”.
Redondo ere pozik ageri da, aurkezpenarekin eta bi urretxuarren emanaldiarekin. X sare sozialeko bere kontuan Ainhoa&Jon duetoaren emanaldian ateratako bi argazki argitaratu ditu, beste horrenbeste mezurekin. Batean “Ainhoa eta Jon, musikaren bidez istorioak kontatzen dituzten bi euskaldun. Oraingoan, inork baino hobeto islatu dute El Manual liburuko istorioa: euskaldun batek Madrilen bizitakoa” idatzi du eta bestean “musika oso presente dago El Manual liburuan, inspiratu egiten gaitu eta gure istorioa kontatzen du”.

