Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak turismo mahaia elkartu du gaur Zumarragako Antioko interpretazio zentroan. 2026an egindako lehen turismo mahaia da, eta Zatoz eta zaindu turismo plan estrategikoaren ezarpenaren jarraipena izan du ardatz. Azahara Dominguez diputatuak ongietorria eman die, Mikel Serrano Zumarragako alkatearekin batera, mahaia osatzen duten kideei: erakundeetako, eskualdeetako, ostalaritzako, ekitaldietako, kongresu zentroetako eta Gipuzkoako gainontzeko aktibo turistikoetako ordezkariei. Lan saioan, turismoa sustatzeko egin diren azken ekintzak aztertu dira, hala nola, aldundiaren mendiko gida argitaratzea, Gipuzkoak Bartzelonako Btravel azokan izan duen presentzia, Frankfurteko Cider Worlden arrakasta eta Mugi txartela Gipuzkoako turismo bulego eta guneetan zabaltzea, besteak beste.
