Urretxu-Zumarraga 1 taldeak Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa jokatuko du larunbatean
Urretxu-Zumarraga 1 taldeak Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa jokatuko du larunbatean, 18:00etan, Tolosako Bonberenean. Txingudi A taldearekin lehiatuko dira.
Manex Mantxola, Mikel Iturriotz eta Antton Fernandez bertsolariek, Leire Akizu gai jartzaileak eta Jon Mendizabal epaileak osatzen dute Urretxu-Zumarraga 1 taldea. Goierriko kanporaketa Lazkaoko Biziolan irabazita sailkatu ziren eskualdeen arteko final laurdenetara. Zaldibiako Herri Antzokian Goierri-Tolosaldea eremuko final laurdenetako kanporaketa gainditu zuten, Alegiako Boskatu taldearekin buruz buru kantatu ondoren. Larunbatean Txingudi A taldeak baino puntu gehiago lortzen badituzte, finala jokatuko dute: Aian, maiatzaren 30ean.
Mantxola, Iturriotz eta Fernandezek bihar goizean egingo dute azken entsegua. Asteartean Mantxola eta Iturriotz Urretxuko kultur etxean elkartu ziren, agurra prestatzeko. «Bi talde aurkeztu genituen eta talde bakoitzeko partaideak zozketaz aukeratu genituen. Talde ona bestea zen. Guk ez genuen espero horren urrutira heltzea. Baina herritartekoa berezia da: Martxoan Bertsoan parte hartzea lagungarria da».
Agurrak egiten abilak dira eta hori lagungarria dela diote. «Agurrak ez dira puntuagarriak, baina ondo eginez gero, lasaitu egiten gara eta jendeak gustura entzuten du ondoren abesten duzuna».
Gustura aritu dira, baina ez zuten espero horrenbeste agur prestatu behar izango zutenik. «Irlanda aitzaki bezala hartuta hasi ginen, gitarra biolin eta flautarekin. Baina Irlanda zukutu egin dugu eta aldatu egingo dugu», diote.
Finalaurrekoan lan ona egitea espero dute. «Aurreko batean lau hostoko hirusta genuela esan genuen eta ea horrela jarraitzen dugu. Beste taldea gure antzeko jarrerarekin joango da. Jende jatorra da. Bai beraiek eta bai gu ez gara Gipuzkoako herri euskaldunenetakoak eta hori ere polita da».
Herritarrei saiora joateko eskatu diete. «Publikoak epaileen lana baldintzatzen du eta final laurdenetan ikusleen %70 Alegikoa zen. Eitzagako jaiak dira, baina gero ere egongo da parrandarako astia», amaitu dute.
