Herriarteko Bertsolari Txapelketako finaleko autobusa Errenteriara joango da lehenengo, bertako kontzentrazioan parte hartzeko
Bertso irakasle batek bere posizioa eta erreferentzialtasuna botere harremanak garatzeko eta erasotzeko erabili dituela salatuko dute
Oreretako Foru Plazan kasua salatzeko ateratako talde-argazkia. XDZ Urretxu-Zumarraga 1 taldeak Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko du larunbatean, Aian. Bertsozale Elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du larunbaterako (12:00etan bertso poteoa, 14:00etan bazkaria eta 18:00etan saioa), baina bertso poteoa bertan behera gelditu da. Izan ere, 12:30ean kontzentrazioa egingo dute Errenterian bertso irakasle batek bere posizioa eta erreferentzialtasuna botere harremanak garatzeko eta erasotzeko erabili dituela salatzeko.
Urretxu eta Zumarragako bertso eskolak autobusa antolatu du finalera joateko, bi herrietako udalen laguntzarekin. Autobusa 11:00etan aterako da Elizkaletik eta zuzenean Aiara joan beharrean, Errenteriara joango da lehenengo, nahi duenari kontzentraziora batzeko aukera emanez. Saioaren ostean, 21:30ak aldera, itzuliko da Aiatik. Autobusa doan izango da eta herritar guztiak ongi etorriak izango dira. Izena emateko, bertso eskolako kideekin harremanetan jarri behar da, Instagramen @martxoanbertsoa bidez edo zubertsotan2023@gmail.com helbidera idatzita.
