Mutamu musika elkarteak doako eta publikoari irekitako lehen prestakuntza jarduera jarri du abian: oinarrizko zuzeneko soinuztapen ikastaroa emango dute ekainaren 6an, Urretxu-Zumarragako Gaztelekuan.
Jarduera, interesa duten guztiei zuzenduta dago: ekitaldi autogestionatuak antolatzen dituztena, kontzertuetan boluntario gisa lan egiten dutenak, agertoki baten atzean zer dagoen jakin nahi duten musikariak, teknikari amateurrak… “Jendeak teknikari beldurra galtzea nahi dugu. Musikari batek jakin dezala zergatik entzuten den gaizki bere anplifikadorea, edo kontzertu bateko boluntario batek mikrofono bat jartzeko inoren mende egon gabe laguntzeko trebetasuna har dezala”, azaldu dute Mutamukoek.
Ikastaroa praktikoa eta parte-hartzailea izango da. 10:00etatik 13:00etara muntaia eta teoria ikasiko dituzte. Ikasleek hutsetik ikasiko dituzte sonorizazio baten oinarrizko printzipioak: seinalea, ekualizazioa, mikrofonia eta konexioak. 13:00etatik 15:00etara bazkari-solasaldia egingo dute: zalantzak argitzeko, esperientziak partekatzeko eta teknikariekin presarik gabe hitz egiteko espazio lasaia izango da. 15:00etatik 18:00etara zuzeneko musika eta nahasketa praktikoa landuko dute. Parte-hartzaileek ikasitakoa praktikan jarriko dute zuzeneko bat entzunez eta prestatzaileen laguntzarekin.
Ikastaroa Gaztelekuko teknikari boluntario batek emango du, espazioaren beharrak eta baliabideak bertatik bertara ezagutzen dituena, teknikari profesional batekin batera. Ikuspegia batez ere praktikoa izango da, ezaugarri teoriko handirik gabea, eta bertaratutakoen mailara egokitua. Izen-ematea doakoa da, baina edukiera mugatua da. Horregatik, Mutamuko bazkideek lehentasuna izango dute. Izena emateko azken eguna ekainaren 4 da. Izena emateko, sakatu hemen.
Aurrerago, musika autokudeaketarako ikastaroak, teknika formakuntzak eta soinuztatze ikastaroaren edizio berriak eskainiko dituzte.
