Goierri garaiko Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten ikastetxeek klima aldaketaren eta horren ondorioen inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztu dituzte Klima Tour azokan. Kontzientziazioa handitzea eta babesleku klimatikoen garrantzia ezagutaraztea izan da helburua.
Iaz egindako diagnostikoan herritarrek babesleku klimatikoei buruzko informazio handiagoa behar zutela ondorioztatu zuten. Hori dela eta, ikastetxeek hainbat jarduera garatu dituzte, garapen agentziaren koordinazioarekin eta udalen laguntzarekin. Azoka Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan egin dute. Bertan, bi herrietako ikastetxeetako ordezkariek beraien lanak eta ondorioak aurkeztu dituzte.
Azokak herritarren parte-hartzea sustatzeko hainbat elementu izan ditu. Horien artean, Itzalkideak: aterki zuriak eraman dituzten laguntzaileak, herritarrak azokara hurbildu eta informazioa jasotzera gonbidatu dituztenak. Gainera, galdetegi labur bat erantzun dutenek sari bat jasotzeko aukera izan dute, bero boladen aurrean ondo hidratatu ahal izateko. Ikasleen lanekin batera, bisitariek Klima aldaketa eta egokitzapena erakusketa ikusi ahal izan dute.
Bigarren saioa ostiralean egingo da Legazpiko Plazaola kalean, 10:30etik 12:00era, Legazpiko ikastetxeetako ikasleen parte hartzearekin.

