Zumarragako EH Bilduk, legea ez zela betetzen jakin arren, alkateordeek dietak kobratzen jarraitu dutela salatu du
Zumarragako EH Bilduk, legea betetzen ez zela jakin arren, alkateordeek dietak kobratzen jarraitu dutela salatu du. Horra hor komunikabideetara helarazi duen oharra.
“2025eko apirilean batzordeetako buruen dietei zegokien aldaketa Zumarragako Udaleko udalbatzara eraman zen Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontu-ikuskaritza baten ondoren. Bertan, zinegotziek kargu bat izateagatik ezin dutela dietarik kobratu eta dietak organo baten asistentziaren baitakoak direla adierazten zen. Hau da, ezin da dietarik kobratu batzordeburu izateagatik baina bai batzordeetan parte hartzeagatik. Horrela, aipatu udalbatzan, dieta horren kontzeptuaren inguruko aldaketa eman zen: liberatu gabeko batzordeburuek 120 eurotako dieta kobratzera pasako ziren batzorde informatzaileetan parte hartzeagatik eta beren kargua dela eta hilabetero kobratzen zutena jasotzeari utziko liokete.
Pleno hartan bertan salatu genuen liberatu gabeko alkateordeak egoera berean aurkitzen zirela. Hau da, hilean 175 euro kobratzen zituzten karguagatik, dieta horrek organo desberdinetako partehartzearekin zerikusirik izan gabe. Une hartan inor ez zen gai izan batzordeburuen eta alkateordeen egoeraren arteko diferentzia azaltzeko. Hori horrela, argi gelditu zen alkateordeen dietak legearen aurkakoak zirela. Diferentzia bakarra, Herri Kontuen Euskal Epaitegia ez zela egoeraz ohartu. Beraz, legea betetzeko garaian badirudi udal gobernu taldearen irizpidea hirugarren batek irregulartasun bat atzemateko duen gaitasunaren araberakoa dela.
Urtebete pasa ondoren, udalaren egoeraren berri emateko kontuhartzaile berriak idatzitako txostenak dieta hauek irregularrak direla eta kobratzeari utzi behar zaiola adierazten du. Hau da, duela urte bat guk plazaratutako argudio berak erabiliz, udal kontuhartzailetzatik alkateordeen dietak kentzen dira. Horrela, azken urte honetan, liberatuta ez dauden bi alkateordeek eta ondorioz dietak kobratu dituztenak, 2.000 euro baino gehiago kobratu du bakoitzak kontzeptu honen baitan. Eta bada urte bat denok bagenekiela dieta hauek legearen aurkakoak zirela.
Azkenik, gogoratu bere garaian batzordeetako buru liberatu gabeko hiru zinegotzi izendatu zirela, liberatuek dietarik kobratzen ez dutela kontutan hartuta. Udal gehienetan, zinegotzi liberatuak izaten dira ardura hauek bere gain hartzen dituztenak baina PSE eta EAJk osatutako Zumarragako gobernu taldeak irizpide horiek ez zituen kontutan hartu, liberatu gabeko kideek dietak kobratu zitzaten. Hori dela eta, legegintzaldi honetan zehar dietak zehaztu diren bi plenoetan Zumarragako EH Bildutik gure desadostasuna azaldu dugu eta erabaki hauen aurka bozkatu dugu. Bestetik, gogorarazi nahi dugu Zumarragan legeak onartzen duen alkateorde kopuru altuena dugula eta kargu horretan liberatuak ez diren bi pertsona ditugula.
Zumarragako EH Bildutik herritarren mandatuari erantzunez jarraituko dugu: gobernu taldearen lana fiskalizatzen, zorrotz eta seriotasunez. Kritikoak izanik, baina, aldi berean, eraikitzaileak. Eta betiere, zumarragarrei zerbitzu publikoa emateko bokazioarekin”.
