Ostiralean eta larunbatean Zetak-ek Mitoaroa III ikuskizuna egin zuen Bilboko San Mames futbol zelaian. Parte hartzaileen artean, Jon Plazaola aktore urretxuarra izan zen. Gernikako Arbolari eta Iparragirreren Gernikako Arbola ardatz bezala hartuta, Euskal Herriari buruz hausnartu zuen, Erika Olaizola aktore azpeitiarrarekin eta Pello Reparezekin batera. Ondoren, Bilboko abesbatzak Iparragirreren ereserkia abestu zuen. Plazaola oso pozik ageri da. “1.000 lagun inguru aritu ginen lanean, ni urretxuar bakarra, eta Iparragirre aipatzea egokitu zitzaidan nire testuan. Sekulako ohorea izan da niretzat”.

