Peter Chiopsa apaizak sei urte eman ditu gure artean eta irailean Afrikara itzuliko da: Malawiko Zomba hiriko gotzainak bertako elizbarrutiko gazteekin lan egiteko eskatu dio. Chiopsak lagun asko egin ditu eta bi despedida egin dizkiote dagoeneko. Igandean Urretxuko parrokian eta atzo Zumarragakoan. Urretxun parrokiako abesbatzak abestu zuen eta ondoren luntxa egin zuten elizako arkupeetan. Afrikan gazteekin lan egin behar du eta bozgorailua eta mikroa oparitu zizkioten, beraiengana zuzentzeko. Zumarragan, Mikel Serranok Antioko argazki bat oparitu zion herritar guztien izenean. Parrokiako lagunek, berriz, Antioko Ama Birjinaren irudi bat eta bere jaioterriko elizan erabili ahal izango dituen lanabesak. Berarekin futbolean jokatu duten Urolako beteranoek, berriz, guztiek sinatutako baloi bat oparitu zioten. Chiopsak eskerrak eman zizkien urretxuar eta zumarragar guztiei, lehen egunetik etxean bezala sentiarazi dutelako.

