Mondragon Unibertsitatearekin eta Loiuko aireportuarekin dagoen autobus bidezko lotura hobetzeko lan egiten ari dira aldundia eta Zumarragako Udala
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak bilera egin dute, herriko garraio publikoaren egoera aztertzeko eta Zumarragaren eta hainbat herri eta hiriren arteko loturak hobetzeko. Besteak beste, Mondragon Unibertsitatearen Debagoieneko campusa eta Loiuko aireportua. Hainbat hobekuntza aukera aztertzea adostu dute, hurrengo ikasturterako Lurraldebusek eskaintzen duen zerbitzuan hobekuntzak egiteko. Bestalde, Lurraldebusek indarkeria sexisten aurkako protokoloa ezagutarazteko kanpaina Zumarragara ekarriko du, herritarrek bertan jasotako neurriak ezagutu ditzaten. Bi erakundeetako ordezkariek bilera emankortzat jo dute, eta uda igaro ondoren berriro elkartzeko hitzordua egin dute.
