Arratsaldean puzgarriak eta musika izango dira plazan eta 21:45ean telebista saioa Zelai Arizti aretoan emango dute
Zumarragak TVEren El Grand Prix del Verano telebista saioan parte hartu du. Balanegra (Andaluzia, Espainia) herriko ordezkarien aurka lehiatu dira. Saioa uztailaren 20an emango dute, 21:45ean, La1 telebista katean.
Zumarragako Udalak hainbat ekitaldi prestatu ditu egun horretarako. Helburua herritarrek saioa elkarrekin ikustea da. “Badakigu jende asko geratu zela programaren grabaziora joan gabe eta, horregatik, Grand Prix Zumarragara hurbildu nahi izan dugu. Garrantzitsuena da herritar guztiak une horren parte sentitzea eta elkarrekin bizitzea”, esan du Mikel Serrano alkateak.
18:30etik 21:30era, haurrentzako puzgarri parkea egongo da plazan, txikienek goza dezaten. Gainera, Maiquel Calvo DJak musika jarriko du. 21:45ean bertan bildutakoak Zelai Arizti aretora joango dira, Grand Prix saioa bertan ikusteko aukera egongo baita. Sarrera doan izango da.
Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu uztailaren 20an plazara gerturatzera eta programatutako jardueretan parte hartzera.
