Adifek gaur gauean hasiko ditu La Salle-Legazpi ikastetxearen pareko zubia botatzeko lanak. Dagoeneko egun batzuk daramatza itxita. Hormigoizko egitura egoera txarrean dago eta aldamenean trenbidea zeharkatzen duen beste pasabide bat dagoenez, botatzea erabaki dute. Eraisketa lana Adifek ordainduko du. Lanak astelehenerako amaitzea espero dute eta trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute.
Lanak egin ahal izateko, ez da trenik ibiliko larunbateko lehen ordutik asteleheneko 04:30ak arte. Denbora tarte horretan (52 ordu eta erdi) katenarian egin beharreko lanak, zubiaren eraistea, materialen jasotzea eta trenbidearen garbiketa egingo dituzte. Trenbidea alpakarekin estaliko dute, babesteko eta garbiketa errazteko.
Zubiaren goialdeko errepidea itxita egongo da lanak iraun bitartean. Hori dela eta, Artiz kalea bi norabidekoa izango da, garajeak dituztenek autoak atera eta sartu ahal ditzaten. Iparragirre hiribidea gauez bakarrik itxiko dute: 21:30etik 05:00etara. Gainera, Kalebarren zabalik izango da asteburu osoan, trafikoa arintzeko eta eraisketak ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Zubiaren goialdeko errepidean ohi baino aparkaleku gutxiago egongo dira, lanak egin ahal izateko eta Artiz bi norabidekoa izatea ahalbidetzeko.
Autobusak
Bestalde, lanek iraun bitartean ez da aldiriko trenik izango Brinkola eta Beasain artean. Renfek autobusak jarriko ditu. Brinkolan, Legazpin, Zumarragan, Ormaiztegin eta Beasainen geldituko dira. Zumarragan tren geltoki parean geldituko dira (taxien geralekuan). Autobus bat egongo da ordu erdiro. Eskari handiko orduetan autobus bat baino gehiago jarriko dute. Renfek bere ohiko kanaletan emango du ordutegiaren berri.
