Urretxuko Santa Anastasia jaietako gastronomia lehiaketako antolatzaileek 48. edizioko kartelak itsatsi dituzte dagoeneko. Aurtengo lehiaketa irailaren 19an izango da. Parte hartzaileek legatz solomoa prestatu beharko dute, hirugiharrez eta otarrainxkaz betea, arrautzaztatua eta saltsa holandarrean estalia. Izen-ematea irailaren 5etik 10era izango da, 12:00etatik aurrera, Goierri elkartean. 40 kuadrillentzako tokia egongo da.
Aipatu bezala, gastronomia lehiaketa irailaren 19an izango da, Gernikako Arbola plazan. 16:00etatik 20:00etara legatza prestatuko dute. Platerak 20:00etarako prest egon beharko dira, ordu horretan aurkeztuko baitira. 22:00etan prestatutakoa afaltuko dute, Ederrena pilotalekuan.
