Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazioei ekin diote Osakidetzan, osasun publikoan lan egiten duten kolektibo guztien lan baldintzak hobetzea eskatzeko.
Lehen kontzentrazioak atzo egin zituzten, ospitaleetan eta osasun zentroetan, Osakidetzako eremu eta kategoria guztietako profesionalen parte hartzearekin. Urriaren 30erako eta abenduaren 9, 10, 11 eta 14rako, berriz, greba egunak deitu dituzte.
Ordainsariak hobetzea, lanaldia murriztea eta hobetzea, benetako aurrerapenak lizentzietan eta baimenetan, enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea, plantillak indartzea, belaunaldi erreleboari aurre egiteko neurriak, asistentzia gainkarga murriztea, hobekuntzak lan osasunean eta kontziliazioan, berdintasun eraginkorra eta euskaraz lan egiteko bermea dira eskaerak.
Sindikatuek Osakidetzak ez duela lan baldintzen akordioa osorik eguneratzeko proposamenik aurkeztu salatu dute, nahiz eta sindikatuek denbora daramaten profesional guztientzat funtsezkoak diren gaiei heltzeko eskatzen. «Bilerak deitzea ez da negoziatzea», diote.
Plantilla osoaren eskubideak eta herritarren beharrei erantzuteko gai den osasun eredu publikoa defenditzen ari direla gehitu dute. Hori dela eta, eragileei eta alderdiei mobilizazioekin bat egiteko eskatu diete.
