Ainhoa Plagarok (Zumarraga, 1997) ‘Hitzak balak dira’ diskoa grabatu du Akatx izen artistikoarekin. ‘Izpiak’ da aurkezpen kantaren izenburua.
Argazkia: Iratxe Etxeandia Ainhoa Plagaro Bermudezen gurasoak musikazaleak dira eta musikarekin hazi zen. Nerabea zenean gitarra bat eskatu zuen eta bere kabuz ikasi zuen. Duela lau urte teknika bokala ikasteari ekin zion eta horretan jarraitzen du. Alarma Morea taldeko abeslaria eta gitarrista ere bada.
Nolatan sortu da Akatx proiektua?
Behar artistiko eta emozionaletik sortzen den proiektua dela esango nuke. 2023an hasi nintzen ideia honi bueltaka, eta asko pentsatu ondoren 2024an martxan jarri nintzen. Bi urteko lana egin dut proiektu honi dagokion tokia emateko. Azken finean, helburua ez da inoiz izan kanta batzuk idatzi eta kaleratzea. Nire ikuspegi artistikoa beste modu batera lantzeko beharra nuen, nire ahotsa eta esateko daukadana beste leku batetik ulertzeko eta adierazteko. Prozesu honetan, musika bera bezain garrantzitsua izan da bidean gertatu dena, bai maila artistikoan, baita pertsonalean ere.
Nola aurkeztuko zenuke?
Akatx proiektu musikalaren izena da eta bere nortasuna fusioa dela esango nuke, zalantzarik gabe. Proiektu honekin aurkezten den lehen estudioko lana Hitzak balak dira albuma da. Popa, elektronika eta flamenko ukituak uztartzen dira soinu eta genero ezberdinetan. 2026an albumaren aurrerapena entzuteko aukera izango dugu. 2027an zuzenekoak helduko dira. Bandaz lagunduta aurkezten da, energiaz eta presentziaz betetako proposamen batekin.
Zer diozu hitzei buruz? Denak zureak al dira?
Sormen prozesua hasi baina lehen, proiektua kokatzeko ariketa egin nuen. Errezena (niretzat behintzat) kantak egitea delako, baina nondik egiten diren eta zertarako egin nahi diren ere landu nahi nuen. Horretarako denbora bat eman dut, introspekzioan eta ikerketa musikalean. Hemendik ateratako ondorioetako bat, beste askoren artean, benetako bizipenetatik idaztea behar nuela izan zen. Hortaz bai, hitz guztiak nireak dira.
Zenbat abesti ditu diskoak?
Diskoa oraindik ez da kaleratu. Horretarako hilabete batzuk falta dira. Momentuz, aurrerapen batzuk aterako dira. Lehendabizikoa, Izpiak da. Jada, entzungai dago plataforma ezberdinetan. Bideoklipa Youtuben topatu daiteke. 2026an ez da kontzerturik aurreikusten, baina datorren urterako aurkezpen bira programatzen ari gara Airaka Music-ekin.
Norekin lan egin duzu?
Lan talde zoragarria izan dut, egia esan. Urtebetez Toni Santamarta produktorearekin aritu naiz abestietan lanean. Musikari bikainak ere batu dira proiektuaren bandarako: Irati Garmendia (bateria), Ana Gomez (gitarra) eta Irati Iturbe (baxua). Hau guztia Gaztain Estudioan, Eñaut Gaztañagarekin grabatu eta masterizatu dugu. Ikus-entzunezko eta arte taldea ere itzela izan da. Bereziki, Iratxe Etxeandia. Imanol Rubio eta Jone Irizar ere egon dira bertan, haien aletxoa eta artea jartzen. Gainera, beste behin ahizparen kolaborazioa ere izan dut grabaketaren parte txiki batean eta diseinuetan.
Zergatik Akatx izena?
Akatxek ez du esan nahi berezirik. Badakit oso polita geratzen dala proiektuaren izena erromantizatzea eta historia hunkigarri bat kontatzea, baina ez du horrelakorik eta ez dut asmatuko (kar-kar). Proiektuari nirea ez zen izen bat jarri nahi nion eta bi gauza baloratu nituen bereziki: fonetika eta estetika. Laburra da, bisualki bereizgarria, eta ez du esanahi zehatzik. Horri esker, proiektuak berak eman diezaioke esanahia izenari.
Alarma Morea taldeko kidea ere bazara.
2019. urtetik Alarma Morea taldean aritzen naiz. Talde honek oholtza ugari zapaltzeko aukera ekarri dit, eta bertan ere asko ikasi dut. Talde batean aritzeak, gainera, bakarka egingo ez zenituzkeen gauza asko ikasteko aukera ematen dizu. Taldean lan egin behar duzu, elkar ulertu, ideiak partekatu eta zure ideietatik harago begiratzen ikasten duzu.
