Kilometroak 85, duela hamar urte (008. alea)
Gezurra badirudi ere, hamar urte igaro dira Gipuzkoako ikastolen festa Zumarraga-Urretxun izan zela. Aurreko bi urteetako eskaerek ezetza jaso bazuten ere, hirugarrenean, Urola-Garaia eskualdeari egokitu zitzaion KILOMETROAK antolatzea.
Eskaera bateratua izan zen Legazpiko Haztegi eta Urretxu-Zumarragako Lourdesko Ama ikastolak egindakoa. Hain zuzen, hau zela eta, zirkuitua antolatzerako orduan, tira-bira batzuk sortu ziren. Hasieran hiru herriak lotuko zituen ibilbidea egitea pentsatu bazuten ere, luzeegia zela konturatu ziren. Honela, Haztegi ikastolak bat eta Lourdesko Ama ikastolak beste bat egin zuten eta, jarraian, federazioaren eskutan utzi bietako bat aukeratzeko erabakia. Federaziokoek, Orereta ikastolako iazko antolatzaileak bidali zituzten proposatutako bi ibilbideak ikuskatzera eta hauek, Zumarraga-Urretxuko ikastolak eginiko zirkuitua aukeratu zuten.Honelako egun bat antolatzeak, argi dago lan handia dakarrela. Datu gisa, esan beharra dago 1500 pertsona ibili zirela antolaketa lanetan. Bildutako dirua; berriz, etekin garbi moduan, 16 milioi ingurukoa izan zen. Diru hau, ekintza ezberdinak aurrera eramateko erabili zen, beti ere, helburu hau zuten ekintzak zirelarik: jatorriz erdaldunak diren haurrak euskaldundu eta ikasketak euskaraz egin ahal izateko plangintza prestatzea.
Honela bada, ohiturari jarraikiz, urriaren lehen igandean, hilak 6 orduan, ospatu zen KILOMETROAK, arrakasta izugarria izan zuelarik. Eguraldia lagun, egundoko jendetza inguratu zen Urretxu-Zumarragara, ibilbidea jendez gainezka egon zelarik. Dudarik ez da luzaroan ahaztuko ez den eguna izan zela urriaren 6 hura.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide