Migel De Luz
-
Adina: 25
-
Herria: Zumarraga
-
Taldea: Barakaldo
-
2.taldea: Urola
-
Jokalari bat: Aranzabal
-
Entrenatzaile bat: Periko Alonso
-
Golik onena: Ronaldok Compos-telari sartutakoa
-
Mundialerako faboritoa: Brasil
Aitor Esnal
-
Adina: 25
-
Herria: Zumarraga
-
Taldea: Barakaldo
-
2.taldea: Urola
-
Jokalari bat: Weah
-
Entrenatzaile bat: Camacho
-
Golik onena: Maradonak 86ko mundialean sartutakoa
-
Mundialerako faboritoa: Brasil
Mitxel Badiola, Migel De Luz eta Aitor Esnal futbolean 2.B mailan ari diren zumarragarrak dira. Badiolak, Elgoibarren jokatu du denboraldi honetan eta De Luzek eta Esnalek, berriz, Barakaldon. Azken bi hauek gainera, egun, 2.A mailako igoera fasea jokatzen ari dira. Urolan hasi ziren baloiari lehen ostikoak ematen eta herriko taldean ez ezik, De Luz eta Badiola, Beasainen ibiliak dira.
Nolakoa izan da zuen esperientzia 2.B mailan?
Badiola: Oso ona. Futbolean jokatzen hasi nintzenetik aurten ikasi dut benetan futbolean jokatzen.
De Luz: Ilusio handia nuen baina gauzak ez dira nahi bezala joan. Gehiago jokatzea espero nuen baina tira, orain play off-ean gaude eta ez da esperantza galdu behar.
Esnal: Zoragarria. Nahiz eta minutu gutxi jokatu balorapena bikaina da. Futbol arloan gauza asko ikasi ditut aurten.
Salto handia al dago 3. mailatik 2.B mailara?
Ikaragarria. Beasainen (Badiola) ez nuen asko jokatu eta aurten konturatu naiz maila honen benetako gogortasunaz. Talde guztiek maila ona erakutsi dute 2.B mailan. Hala da bai. (De Luz) Maila altua da eta asko eskatzen duena gainera, batik bat, fisikoki oso ongi egon beharra dago. Jokalari batzuk ere kalitate handikoak dira. Erritmo eta kalitate aldetik dago nire ustez (Esnal) saltoa, bestelakoan, ez dago horrenbesteko saltorik. Entrenamendu asko egiten ditugu, hasieran asteko 7 egunetan entrenatzen genuen, gero 6, gero 5 eta orain astean 4 bider. Entrenamenduetan lehiatuz gero 2.B mailari neurria har lekioke.
Esnal eta De Luzek, play off-ari begira, nola ikusten duzue taldea?
Helburua igotzea da eta momentuz ongi hasi dugu. Tentsio izugarria izaten da partidu hauetan. Alfonso Del Barrio entrenatzaileak, jokalariek duten guztia ematea nahi izaten du eta igoera faseko lehen partidua hasi aurretik, aldageletan geundela, Bouzo jokalaria motibatzen hasi eta azkenean bultzaka amaitu zuten. Entrenatzaile gogorra da eta ikaragarri motibatzen zaitu. Kontrako taldeko jokalariren bat baloiarekin eserlekutik gertu badago, Alfonsok, jokalari bat min hartuta dagoela eta baloia kanpora botatzeko esaten dio. Jokalariak baloia kanpora botatzen duenean, inor ez dagoela min hartuta konturatzen da eta orduan sekulako istiluak izaten ditugu. Alfonsok, futbola horrelakoxea dela esaten du.
Hurrengo denboraldiari begira zer asmo duzue?
Badiola: Elgoibarren jarraitzea nahiko nuke batik bat, aurten ez dudalako nahi bezain ongi jokatu. Teknikoki gaizki ibili naiz eta ez nuke utzi nahi oroitzapen kaxkar hau elgoibartarren artean. Oraindik, ordea, ez didate kontratua berritzeko eskaintzarik egin.
De Luz: Beste urtebeterako kontratua dut Barakaldorekin eta momentuz behintzat datorren denboraldian han jarraitzea da.
Esnal: Momentuz ez didate kontratua berritzeko eskaintzarik egin, play off-a nola bukatzen dugun ikusi beharra dago. Jarraitzeko prest nago eta bestela Urola edo beste talde batera joateko ere prest nengoke.
Bizi al daiteke 2.B mailan futbolak ematen duenarekin?
Bai. Gure taldean (Esnal, De Luz) badira jokalari batzuk futboletik bizi direnak. Hegoaldeko taldeetan Malagak adibidez, 800 milioiko aurrekontua du, hortik atera kontuak. Elgoibarren (Badiola) inor ez da bizi futbolaren kontura baina Torrelavegan badakit jokalari batzuek 7 milioiko fitxa dutela urtean.
Futbolistak pribilegiatuak al zarete?
Gu ez horrenbeste baina 1.go mailan jokatzen dutenak bai. Bizitzarik onena (De Luz) futbolariarena da. Hala ere, (Esnal) jendeak uste duen bezain pribilegiatuak ez gara. Barakaldon jarraituz gero, 15 eguneko oporrak izango ditugu soilik, hala ere, bestela bai, dirua erraz irabazten da.
Zer izan da zuentzat Urola?
Futbolean 2.B mailara iritsi bagara Urolari esker izan da. Hemen hasi ginen futbolean eta oroitzapen oso onak ditugu. Urolaren egungo egoeraz kezkatuta gaude gainera.
Nola ikusten duzue Alberto Alejandro herritarra Errealean? Iritsiko al da lehenengo taldeko jokalaria izatera?
30 gol egin ditu aurten (De Luz) eta konfidantza handia du bere buruarengan. Errealaren planteamendua ez da ona izan. Real B taldearekin 3. mailan jokatu behar luke mutil honek amaitu berri den denboraldi honetan eta ez jubenilekin. Gainera jubenilekin txapeldun geratu den jokalari guztien artetik, klausula eta kontratu profesionala ez duen jokalari bakanetarikoa dela uste dut. Nire ustez, (Badiola) Errealak konfidantza ematen badio, lehenengo taldeko jokalaria izatera iritsi daiteke, gainontzekoan zaila da. Momentuz ondo doa, (Esnal) baina gauza askok dute zerikusia. Behar den momentuan destakatu, entrenatzailearen gustukoa izan…
Zer iruditzen zaizue 1.go eta 2. A mailan euskal taldeek eginiko denboraldia?
Oso ona. Osasuna falta da pixka bat piztea baino gainontzekoak oso ongi ibili dira. Euskal jokalariek maila ona erakutsi dute, ez bakarrik euskal taldeetan, baita beste taldeetan ere, Ivan Campo eta Olaizolak Mallorcan…
Futbol gehiegi ematen al da telebistan?
Bai. Neurri batean ongi dago baina gehiegi ez da komeni. Egia da futbola ikusiz ere asko ikasten dela baina partidu gehiegi ematen dituzte.Orain gainera, Canal Satelite Digitalen astero ikus daitezke partiduak eta horrek, min handia ematen die errejional, preferente, 3. maila eta 2. mailako taldeei, jendea ez baita futbol zelaira herriko taldea ikustera joaten.
Errreala eta Athletica ate joka etorriz gero, nora joango zinatekete?
Errealekoak gara baina nire ustez (Esnal) futbolaren kontura bizi nahi baduzu, lanbide guztietan gertatzen den bezala, ondoen ordaintzen den lekura joan beharra duzu. Hala ere, (Badiola) Errealak emandako diruarekin ongi bizi daiteke. Nahiz eta diru eskaintza baxuagoa izan, herrian zaude, Gipuzkoan, eta zaletuen artean gainera ongi ikusia izango zara. Noski, (Esnal) bi eskaintzak antzekoak badira Errealean geratuko zara baina bata bestea baino eskaintza hobea bada eta profesionalki futboletik bizi nahi baduzu, eskaintza onena hartu behar duzu. Gertatzen dena,(De Luz) zera da futbolariaren bizitza laburra dela. Horregatik, futbolari profesional gehienak, ahalik eta diru gehien irabazten saiatzen dira. Entzun dugunaren arabera, eta honetan hirurak ados gaude, jokalari asko Athleticera joaten dira, tratu hobea jasotzen dutelako Lezaman. Kantera ere hobe zaintzen du Athleticek. Instalakuntzak ere askoz hobeak dira Lezamakoak Zubietakoak baino. Athletic, oso errotua dago Bizkaian, igandeetan Anoeta eta San Mameseko giroa konparatzera baino ez dago.