1989an Aliciak eta Jose Luisek Legazpi 10 ekoizpen-etxea sortu zuten. “Garai hartan enpresentzako bideoak egin genituen batez ere, baina ordurako herriko telebista sortzeko asmoa genuen”. Hala, 1998an Urola Telebista sortu zuten. “Oso esperientzia polita da, baina gogorra ere bai. Izan ere, sei pertsona beharko genituzke gutxienez, herriko programak egiteko, euskarazko saioak egiteko… Inongo laguntza ekonomikorik ez dugunez, publizitatea da gure diru iturri bakarra”.
Alicia kamera aurrean egiten duen lanagatik ezagutzen dugu, baina ekoizpen lanetan ere aritzen da. “UTBn aurkezpen lanetan hasi arte, ekoizpenean lan egin nuen batik bat: kamera laguntzaile lanetan, ekoizpen buru lanetan… Ekoizpen lana asko atsegin dut, baina aurkezteari ere punttua hartu diodala uste dut”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Ileapaintzailea izatea edo kinkila denda batean lan egitea, jendearekin harremanetan lan egitea.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Bueltatxo bat eman, atseden hartu…
-Bizitzeko toki bat?
Kostaldeko edozein herri edo hiri txiki.
-Zein albiste ematea gustatuko litzaizuke?
Guztiontzat babes ofizialeko etxebizitzak daudela.
-Eman duzun albisterik pozgarriena?
Gauza hunkigarri batzuei buruz hitz egitea tokatu zait, baina ez dut uste albiste on-onik eman dugunik.
-Nor elkarrizketatzea gustatuko litzaizuke?
Edozein pertsona interesgarria iruditzen zait. Askotan, herriko agure bat elkarrizketatu ondoren edozein pertsona ezagun elkarrizketatu ondoren baino gusturago gelditzen zara. Batzuekin negar egitera ere heldu naiz.
-Gustuko telebista aurkezleren bat?
Badira oso onak direnak, baina ez dut inor bereziki gustuko. Gainera, askoren ildo politikoa oso nabaria da.
-Zein da porno filmeak botatzen hasi zinetenean entzun behar izan zenuen xelebrekeriarik handiena?
Batzuk errepikatu egin ditugulako kexatu dira, beste batzuek aurkako firma bilketa egin zuten… Emakume batek erantzungailuan mezua utzi zigun, hiru bikotek porno filmeak elkarrekin ikusten zituztela esanez eta nesken artekoak jartzen genituen moduan, mutilen artekoak ere jartzeko esanez.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
-Egindako azken oparia?
Atzo bertan ilerako plantxa batzuk oparitu nituen eta duela gutxi Jose Luisi eraztun bat oparitu nion.
-Eta jasotakoa?
Azken opariak Erregetan jaso nituen eta asko izan ziren.
-Data bat?
San Martin eguna atsegin dut batez ere.
-Neska eta mutil izen bana?
Alvar eta Martina, amona zenarena.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Diario Vasco.
-Gustuko telebista saioa?
Dokumentalak atsegin ditut batez ere.
-Bereziki gorroto duzuna?
Txutxumutxu saioekin amodio-gorroto harremana dut.
-Liburu bat?
Gabriel García Márquez-en “100 años de soledad”.
-Filme bat?
Stanley Kubrick-en “El resplandor”.
-Gustuko abestia?
Musika mota guztiak atsegin ditut: jazz, rumba, funky, trikitixa…
-Soinu bat?
Euriarena asko atsegin dut, batez ere ekaitz egunetan.
-Usain bat?
Garbi usaina. Batzuetan garbi usaina somatzen duzu eta ez dakizu zergatik.
-Janari bat?
Nekorak izugarri atsegin ditut.
-Ura ala…
Ura ere bai…