Iñaki Zabala Urretxuko alkatearen arabera «udal-korporazioaren programa politikoan etxebizitza babestuari lehentasuna emango geniola agindu genuen eta arau subsidiarioetan gauzatu nahi ditugun aldaketak egiteko,
18 urtetik 35 urte bitarteko herritarren beharrak zeintzuk diren jakin behar dugu. Azken batean, arau subsidiarioak errealitatearekin bat etortzea nahi dugu».
1.608tik 300
Errealitate hori ahalik eta zehaztasun gehienarekin ezagutzeko, 18 urtetik 35 urte bitarteko hirurehun gazte aukeratuko dituzte modu aleatorioan.
Urretxun, guztira, 1.608 pertsona daude adin tarte horretan. Herritar horiek etxebizitzaren inguruan dituzten edo edukiko dituzten beharrak zeintzuk diren ezagutzeko hirurehun lagun horiei, telefonoz, bost minutuko inkesta egingo diete. Inkestak egiten astelehenean hasiko dira.
Baina hirurehun lagun horietatik kanpo «ateak irekitzen dizkiegu ikerketa honetan parte hartu nahi duten herritar guztiei eta haien bitartez jasotako datuei beste tratamendu bat emango zaie» gehitzen du Zabalak. Zumarragan edo inguruko herrietan bizi diren urretxuarrak izan daitezke edota inguruko herrietan bizi eta etorkizunean Urretxun bizi nahiko luketenentzako ere, ateak zabalik daudela argitu du alkateak.
Arau subsidiarioak
Hilabetean etxebizitzaren inguruko azterketa honen emaitzak eskuan izango dituztela dio Iñaki Zabalak. Emaitza horiek arau subsidiario berrietan uztartuko dituztela ere badio.«Eremu hiritarrari dagokion dokumentua amaitu dugu ia eta orain fitxak garatuko ditugu. Industri-zoruaren inguruan ere lanean ari gara;
industri jarduera kokatzeko lur-zoru gehiago nondik atera dezakegun aztertzen ari gara».
Gainera, datorren astean Urretxu-Zumarraga Ikastolako ordezkari, Zumarraga eta Urretxuko Udalen ordezkariak lehenengo bilera egingo dutela ere azaldu du Zabalak. «Prozesu hori egitea garrantzitsua dela
uste dugu».
Udarako arauak prest
Arau subsidioarioak bilduko dituen dokumentua otsaila bukaeran prest legokeela dio alkateak. Aurreko arauetan egindako aldaketak definitu, hirigintzako batzordetik pasa eta osoko bilkurak onartu beharko ditu.
Informazio publiko eta Eusko Jaurlaritzatik pasa beharko dira. «Baikorra izanda udan prest egon litezke».