Hogeita hamar urte pasatxoan egin bezala, aurten ere Akelarre Elkartea arduratuko da lehiaketa antolatzeaz. Esan dutenez, gaur 12etatik aurrera izena emateko epea irekita egongo da. Behin 50 taldeko kopurua betetzen denean, itxita geldituko da izen ematea. Nahiz eta urtero jendea lehiaketatik kanpora gelditu, antolatzaileek diote materialki ezinezkoa dela gehiagorentzako lehiaketa bat prestatzea.
Antolatzaileek esan dutenez, datorren ostiralean, hilaren 12an aurkeztuko da ofizialki izen emate zerrenda.
Irailaren 20an egingo da lehiaketa, aurten marmitakoa izango delarik protagonista. Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera eta 21:00ak inguruan emango du epaimahaiak aditzera bere erabakia. Ondoren, urtero bezala, afari herrikoia egingo da parte hartzaile guztien artean Ederrena pilotalekuan.