Bihotzean daude, bizirik zein hilda, lehen musuak eta ezezkoak, malko gorriak eta ezpain gorriagoak, tintaz mukuru behar luketen gutun zuriak, mesanotxeko tiraderakoak, zakarrontzikoak…
Bihotza, ui bihotza, argazkiz jositako tren-geltoki bat bezalakoa da. Badatoz tren handiak, badoaz txikiagoak. Etengabe. Maitasuna esertzen da bagoietako aulki guztietan, hainbesteko pisua duen zera hori. Eta trenak bezalaxe, badator eta badoa.
Hori da pisuzko egiak bihotzean ez gordetzeko arrazoia, ez dela komeni nahi dutenean joateko eskubidea izatea. Hobeto daude kutxa-goporrean, munduko pasahitz zailenaren mende. Guantanamon preso.
Nik badaukat ene Guantanamo, eta zuk zurea, eta baita Martinak ere. Kontua da Martinak erauntsi egin nahi izan zuela. Ez zuen lortu, ordea, eta bere saihetsen artetik pertsiana jaitsi zuen betiko, barroteak ez baitziren nahikoa Guantanamo osoa ezkutatzeko.
Horregatik diote auzoan neska bitxia dela zinez; bere egiei bihotzean egiten dielako lekua, eta badatozkiolako, eta badoazkiolako… Jendeak uste du egien kilogramoei jaramonik egiten ez dielako hartzen duela jarrera hori, baina ez da hala. Ez zaio iruditzen Eroski-n hiru txokolate tableta ebatsi dituen mutikoa eta hogei neska errusiar prostituitzera behartu dituen traje beltzeko gizona zelda berean sartu behar direnik. Traje beltzeko gizon ugari atxilotu zituen txikitan bere kartzelan eta ez du mutil koskorrek ezagut ditzaten nahi, hauek gizontzean traje beltza jantziko duten beldurrez.
Martinak txokolate tabletak ez, baina gozoki-dendako txikle batzuk osten ditu noizbehinka. Koadrilako tabernaz tabernako jira eteten du gozo-dendan igande arratsaldeetako pipa paketea erostera sartzeko. Segurtasun osoz zeharkatzen ditu gominolen ontziak, patata zorroak eta chupa chups-ez goraino dauden marrazkidun poteak. Orduan, begiak ohi baino gehiago zabaltzen zaizkio eta mugimendu bakarrean hiruzpalau txikle sartzen ditu diru-zorroan eta pipak ordaintzeko txanpona ateratzen du bertatik. Beroa sentitzen du gorputz osoan, eskuak izerditan blai sumatzen ditu. Irribarre ñimiño batek egiten dio ihes, gogoko du. Pipa paketearekin zuzentzen da tabernan dauden bere lagunengana, pipa azalez estaltzen dute zorua denen artean eta diru-zorrotik txikleak ateratzen ditu Martinak. Barre ozen bat irteten da bakarren baten ahotik, hamar urte zituzteneko garaiak etortzen zaizkie gogora eta orduko kontuak kontatzeari ekiten diote. Martinak, ordea, ez du bat bera ere gogoan, ez gogoan eta ez inon.
Amaia Iturriotz
- Ipuin hau Urruzuno literatur lehiaketan saritua izan da.