Maiatzaren 30ean Argixao kirol instalazioetako zelai nagusiari Mitxel Badiolaren izena jartzeko ekitaldi ofiziala egingo da. Ekitaldi horretan bertan, Urolako bazkide sortzaileak omenduko dira.
16:00etan, Urolako presidente Felipe Elgarrestak ongietorria eman eta zelaiari Mitxel Badiola izena jartzeko arrazoiak azalduko ditu. Ostean, udal agintariek, Realeko ordezkariek eta Mitxel Badiolaren senideek hartuko dute hitza. 16:30ean lehenbiziko futbol partida jokatuko da: Urolako emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldea, Realeko kadeteen aurka.
17:45ean Urolako 23 bazkide sortzaileak omenduko dira eta 18:00etan bigarren partida hasiko da: Urolako gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldea, Realeko gazte mailako taldearen aurka.
Mitxel Badiola 2024ko maiatzaren 11n hil zen. Bere bat-bateko heriotzak “samin handia” eragin zuen Urolaren familia osatzen duten guztien artean. Realeko haur eta gazte mailako koordinatzaile zenak ibilbide luze eta oparoa osatu zuen Urolan. Urolan 14 urterekin jokatzen hasia (1984an), Hirugarren Mailara igo zen taldeko jokalari izan zen (1991-92), eta Urolaren historiako goleatzailerik handiena. 144 gol sartu zituen 279 partidatan.
Entrenatzaile eta koordinatzaile lanak ere egin zituen, eta edozein aukera baliatzen zuen Argixaora, etxera, etortzeko. Alaves B, Beasain, Elgoibar eta Lagun Onak taldeetan ere jokatu zuen. Jokalari izateari utzi zionean, Urolan entrenatzaile moduan hiru urtez aritzeaz gain, Eibar eta Realeko harrobietan egin zuen lan. Badiolak jokalari gazteen formazioan egindako lana maiz nabarmendu dute bere hurbilekoek, haren konpromiso, balio eta esfortzuagatik.
