Urretxu-Zumarraga ikastolako eta Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoko ikasleek egindako komunikazio proiektuek irabazi dituzte BERRIA Ikasgela sariak —hamabost ikastetxe eta 50 ikasgela aurkeztu dira—, eta atzo banatu zizkieten Martin Ugalde kultur parkean. Izarraizpeko DBHko 4C eta Urretxu-Zumarragako DBHko 1B ikasgeletako gaztetxoekin izan ziren, halaber, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Amagoia Mujika BERRIA egunkariko zuzendaria. La Basuri elkarrizketa kolektibo bat egin zieten ikasleek, eta, galdera eta galdera artean, rap kantariak dantzan jarri zituen ikasleak, irakasleak, kazetariak…
Urretxu-Zumarraga ikastolako DBHko 1B gelako ikasleek egin duten komunikazio proiektua diziplinartekoa izan da, zubi bat izan baita Euskara eta Gizartea ikasgaien artean. «Proiektuan zera egin behar genuen: gertakari historiko bat hartu —adibidez, Kolon Ameriketara iritsi zela—, eta ikusi zer gertatuko zatekeen hori gertatu izan ez balitz», azaldu zuen Ekhi Oiartzabal ikasleak. «Lehenengo, ipuinak idatzi ditugu, banaka, eta gero komikiak egin ditugu, binaka», segitu zuen Maialen Elorzak. Maider Aranzadik zehaztu zuen, hori bai, ezer baino lehen zera egin dutela: «Gertaeran sakondu dugu, eta pentsatzen aritu gara». Eta, idazteko orduan, Euskara ikasgaian jasotakoak erabili dituzte, Danel Araiztegik esan zuenez: «Euskaran ikasitakoekin idatzi genuen testua; testu antolatzaileekin-eta».
Mikel Elkoroberezibar Beloki kazetariak BERRIA egunkarian idatzitzako erreportajea osorik irakurtzeko, sakatu hemen.

