Aldiri2 Urretxu eta Zumarragako kirol ekosistema anbiziotsu baten parte izatea proposatu du EH Bilduk
EH Bilduk Aldiri2 kiroldegi berriari buruzko iritzia ezagutzera eman du prentsa ohar baten bidez. Kirol azpiegituren arloan bi udalek elkarrekin lan egin beharko luketela eta bi herrietako beharrei erantzuteko toki egokiena Pagoetako eremua dela uste dute. Horra hor prentsa oharraren edukia:
“EH Bildutik Aldiri2 bezala ezagutzen den proiektua etorkizunean proiektu itxia ez izatearen apostua egiten dugu. Urretxun eta Zumarragan behar diren kirol azpiegituren ekosistema bat jasoko duen epe ertain luzeko estrategia bat proposatu nahi dugu. Izan ere, uste dugu Pagoetako eremua estrategikoki egokiena dela bi herrietako kirol beharrei erantzungo dien inguru/leku bat sortzeko.
16 hilabete igaro dira proiektua aurkeztu zenetik, eta EH Bildutik ezinbestekotzat jotzen dugu bi herrien artean falta diren kirol azpiegituren inguruko epe ertain luzeko hausnarketa bat egitea, azken urteetan esan dugun bezala.
Ildo horretan, Aldiri2 proiektua, gobernu taldeak planteatzen duen terminoetan, Urretxu eta Zumarragak behar dituen kirol ekipamenduei dagokionean hankamotz gelditzen dela aurreikusi dugu. Hori horrela, konbentzituta gaude epe ertain luzera proiektu honek Zumarragarekin partekatutako kirol ekosistema anbiziotsuago bat sortzera irekita egon beharra daukala, udalaz gaindiko erakundeen finantzaketa formulak batera bilatuz eta erabiltzaileen egungo beharrei erantzuna emanez.
Era berean, Aldiri2 proiektuak, bere horretan inbertsio oso handia suposatuko du, 6,5 milioi eurotik gorako aurrekontua, alegia. Zoritxarrez, Urretxuko Udalak inbertsio guzti honi aurre egin beharko dio, Aldiri2ren proiektuak ez baititu Europako Batzordeak bultzatutako New Bauhaus programaren finantzaketa lortzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak bete, inbertsio osoaren %60ko finantzaketa lortu nahi baizuen. Horrek nabarmen baldintzatuko du udalak datozen urteetan izango duen inbertsio gaitasuna, Urretxuk dituen erronka estrategikoei erantzun ahal izateko.
Hau esanda, berriz ere berresten dugu 2023an egindako proposamenean planteatzen genuena: Aldiri2 proiektuak kirol azpiegituren aldetik hobekuntza ekarriko duen arren, beharrezkoa da bi udalerrien premien aurretiko diagnostiko oso bat egitea. Horretarako, kirol eragileen, udal teknikarien eta, oro har, herritarren arteko parte-hartze prozesu bat martxan jartzea proposatzen dugu. Izan ere, etorkizunari begira aukera paregabe baten aurrean gaude bi udalerriek batera elkarlanean kirol azpiegituren ekosistema anbiziotsu bat sortzeko Pagoeta inguruan”.
