Urte ugari joan da Goierri Garaiko herrietan euskararen aldeko ekimenak sortu zirenetik, euskararen atzerakada nabarmen indartzen hasi zenetik joandakoak adina bai. Hemen elkartu garen elkarteak ere, batzuk neurri eta denbora luzeagoan eta beste batzuk laburxeagoan lan horietan aritutakoak gara eta ari gara gaur egun ere. Gure ekimenekin euskararen erabileran eragin nahi izan dugu. Izan ere, jakinekoa dirudien arre, dakienak erabilita euskararen normalizazioan oso pauso garrantzitsua lortuko genuke.
Bestalde, Mankomunitateko euskara zerbitzuek duela urte batzuk ekin zioten, besteak beste, merkataritzan eragiteari eta lan hori elkarteok oso positiboki baloratzen dugu eta uste dugu azpimarratu beharrekoa dela.
Guk euskaraz bizi nahi dugu: euskarazko telebista-kateak nahi ditugu, euskarazko zinema nahi dugu, euskarazko hezkuntza nahi dugu, kalean euskaraz egin nahi dugu, dendetan euskaraz erosi nahi dugu.
Dendariekin egin den lana plazaratu nahi dugu. Legazpin, Urretxun, Zumarragan eta Ezkio-Itsasoko dendetan euskarak balio duela erakutsi nahi dugu. Erakutsi nahi dugu, zerbitzu euskaldunak produktua hobetu egiten duela, euskara balio erantsia dela. Horretarako dendarien parez pare egoten den hori inplikatu nahi dugu, bezeroa.
Gaur aurkeztuko dugun ekimenak gure dendariek euskararen alde egiten duten ahalegina saritzeko aukera emango digu eta honetan datza:
- ZER EGIN: Bezero bezala dendarien ahalegina saritu ahal izango duzu. Euskara bultzatzeko egin dituzten ekintzak dira saritzekoak (hitz egin, harrera egin, kartelak, oharrak), arreta jarri eta sartu txarteltxoa ontzian
- NOLA EGIN: Orriaren bestaldean dauzkazu sailkatu ditugun hiru mailak, dendari bakoitza bere mailan saritu ahal izateko (denek ez daukagu ezagutza maila bera, baina ekintza batzuk dendarien jarrera onaren seinale izan daitezke). Jarri txarteltxoan zure izena, telefonoa eta saritu nahi duzun dendaren izena. Ondoren, sartu ezazu oparitarako dendek harrera mahaian izango duten ontzian, “Euskaraz? Pozik gainera!”, marrazkitxoa duen horretan.
- NOIZ: Abenduaren 3tik urtarrilaren 7ra arte
- SARIAK: Puxtarri gehien jaso dituzten dendetan 100 €ko erosketa txartelak erosiko ditugu, guztira 6, eta parte hartu duten bezeroen artean zozketatu (3 Legazpin eta 3 gainontzeko herrietan).
Eskuorri hau ZingiZango eta Otamotzekin batera zabalduko da abenduaren hasieran. Baita Ezkio Itsason ere Yartu Kultur Elkartearen eskutik.
Honenbestez, legazpiarrak, urretxuarrak, zumarragarrak, ezkiotarrak eta itsasoarrak ekimen honetan parte hartzera deitzen ditugu.
Eskerrik asko guztioi!
Legazpin, 2009ko azaroaren 26an
Zingi Zango Euskara Elkartea (Ekimeneko bultzatzaileen izenean: Zintzo Mintzo Euskara Elkartea, Yartu Kultur Elkartea, Ezkio-Itsasoko Udala, Legazpiko Udala, Urretxuko Udala, Zumarragako Udala eta Urola Garaia Udal Elkartea)
Aurkezpen ekitaldiko bideoa: