Urte berriarekin batera berrikuntzak heldu dira Otamotz herri aldizkarira eta otamotz.eus atari digitalera.
Urretxu eta Zumarragako Zintzo Mintzo euskaltzale taldearen bi komunikabide hauek Goierriko Hedabideak enpresaren eskuetara pasatu dira. Enpresa hau Berria Taldearen (lehen EKT) babesean sortu zen 2004an eta Goierriko Hitza egunkaria eta Goierritarra aldizkaria argitaratzen ditu; honek kudeatuko du Otamotz ere hemendik aurrera.
Arrazoiak bi dira. Alde batetik, euskal komunikabideentzat garai gogorrak dira eta indarrak batzea komeni da. Bestetik, bi egitasmo hauek martxan jartzeko eta aurrera ateratzeko Zintzo Mintzo elkarteko lagun askok musu truk lan egin dute urte luzeetan zehar eta atsedena merezi dute. Euskaltzale elkartea Goierriko Hitzaren sortzaile eta kideetako bat da eta Goierriko Hedabideak enpresak bere ateak erabat ireki dizkio Otamotzi. Horri esker Zintzo Mintzok zama arindu du eta egitasmo berriak abian jarri ahal izango ditu eta aldizkariaren eta atari digitalaren etorkizuna bermatu da.
Bi komunikabide hauen edukiari dagokionez, oraingoz ez da inongo aldaketarik izango. Irakurleei dagokizuenez, Zintzo Mintzoko bazkideen eta aldizkariaren borondatezko harpidedunen kuotak berritu egin dira. Beheko txartelean ageri dira 2011ko kopuruak. Orain arte Otamotz aldizkaria etxean jasotzeagatik deus ordaindu ez dutenek, Zintzo Mintzoko bazkide edo harpidedun egin beharko dute, aldizkaria jasotzen jarraitu nahi badute.
Besterik gabe, mila esker urte hauetan guztietan aldizkaria eta atari digitala martxan jartzen eta Urretxu eta Zumarragan erreferentziazko komunikabide bilakatzen lagundu duzuen guztiei.
Otamotzeko erredakzio kontseilua
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide